Martxoaren 6an 67 urte bete ziren Ghanak Erresuma Batuarengandiko independentzia aldarrikatu eta subiranotasuna lortu zuenetik. Egun hori gogora ekartzeko, Ghana United elkarteak, Durangaldeko ghanarren elkarteak, ospakizuna egingo du zapatuan. Abadiñon egingo dute, Arzubia eta Murueta arteko industrialdean dagoen lokalean (Murueta kalea, 1).
Ospakizunean jaia eta formakuntza batuko dituzte. Izan ere, eguna Etxebizitza Sindikatu Sozialistak gidatutako tailer batekin hasiko dute. Sindikatuak "etxe-jabeen gehiegikeriei aurre egiteko" tresnak eta informazioa eskainiko ditu 12:30etatik aurrera. Horren ostean, Ghana United elkarteko kideek prestaturiko bazkaria egongo da. Egunari dantzan, jolasean eta jai giroan emango diote amaiera.