Umorea eta tontokeria aldarrikatzeko sei ikuskizun, Tontolapiko Egunaren edizio berrian

Ekaitz Herrera 2024ko mar. 6a, 13:28

Aurora Abasolo parkeak Tontolapiko Eguna hartuko du martxoaren 29an. Nazioarteko eta Euskal Herriko sei konpainia arduratuko dira durangarrak eta bisitariak barre algaraka ipintzeaz. Etxeko taldeak, Ganso & Cia konpainiak, 'Welcome & Sorry' ikuskizun berria estreinatuko du. 

Tontokeria aldarrikatuko dute, eta gauzak txarto zelan egin daitezkeen umorez erakutsi. Tontolapiko Eguna bueltan da durangarren eta bisitarien gozamenerako. Hirugarren edizio honetan nazioarteko eta Euskal Herriko sei antzerki konpainia taularatuko dira Aurora Abasolo parkean. Tartean, etxekoak. Ganso & Cia konpainiak bere obra berria aurre-estreinatuko du-eta bertan: Welcome & Sorry. "Teatroari egindako parodia bat da. Clown aktoreek Hamlet obra jokatu beharko dute, baina pentsatzekoa denez, oso gatx izango dute obra gauzatzea, guztia aldrebestu eta desastre bat egiten bukatuko dutelako", azaldu du Cecilia Paganini konpainiako kideak.

Gainerako bost obrak Durangaldetik kanpokoak izango dira. Tartean egongo dira Oscar Terol umoregile donostiarraren Mundos para lelos lana, eta sustraiak Araban eta Katalunian dituen Koilara konpainiaren Tolondrados obra. Bestalde, Frantziatik eta Bretainiatik iritsitako taldeak arituko dira ikusleen artean barre algarak sustatzen. Alde horretatik, Gorka Ganso antzezleak clown ikuskizunei egin die gorazarre: "Eszenaratzeko moduak ez du zertan beti inteligentea izan. Tontokeriak egitea gatxa da, ez dago-eta efektu espezial handirik.", gaineratu du Gansok.

Eremu "magikoa"

Mireia Elkoroiribe alkateak "kultura umoretsuaren funtsezko pieza" modura aurkeztu du jada errotzen hasitako Tontolapiko Eguna. Horrez gainera, Ganso & Cia konpainiak eta San Agustin kulturguneak hamasei urtean egindako lankidetza goraipatu du. Alkateak herritarrak deitu ditu martxoaren 29an sortuko den "magian" parte hartzera. Cecilia Paganinik ideia horri heldu dio. "Tontolapiko Eguna ez dira obrak bakarrik. Sortzen den giroa, jendearekin egotea, berba egitea, zerbait hartzea... hori guztia da. Adimen Artifizialik bako artea aldarrikatzen dugu", adierazi du aktoreak.

Tontolapiko Egunean food truck saltokiak egongo dira jan-edana eskaintzen. Eguraldia txarra bada, Landako Gunean gauzatuko dituzte ekintza guztiak.

EGITARAUA

  • 12:00. Koilara Teatroa (Araba eta Katalunia). Tolondrados ikuskizuna. Bi emanaldi egingo dituzte eguerdian (12:00etan eta 12:30ean), eta emanaldi jarraituak arratsaldean, 17:00etatik aurrera. Komedia zentzugabea, antzerkiaren funtsik funtsezkoenetik sortua: bi aktoreren joko erradikala eszenan, inor axolagabe uzten ez duena.
  • 13:00 Ganso & Cia (Durango). Welcome and Sorry obra. Antzerkia maite duten bi lagunek Hamlet antzeztuko dute, jatorrizkoarekiko leialtasun osoz. Dozena bat artista eta teknikariren lana egin beharra, Shakespeareren hizkuntzan antzeztea eta talenturik eta trebetasunik ez izatea eragozpen ote?
  • 18:00 Barbara Probst (Frantzia). Bath Flop obra. Bath-Flop-ek luxuzko bainuontzi baten aurkezpen harrigarrian murgiltzen du ikuslea. Clown esperientzia bat performance batekin lotuta, komertzialismoaren eta hiperkontsumoaren kritika moduan, saltzaile jeloskor bat bainuontzi errebelde baten atzaparretan eroriko da.
  • 18:30 Carol Garel (Bretainia). Récital... en grève obra. Carolina bakarrik itzuliko da, Marie Gertrude pertsonaiarekin, gure alderik muturrekoena, subertsiboena, anarkistena eta inkonformistena erakusteko. Carolinak bere clown dimentsio gizatiarrenetik eta, batez ere, paradoxaz beterik haiengana hurbilarazten gaitu. Ikuskizun honen bidez, gure aitona-amonen abestiak berrikusiko ditu, eta beren borroken historia kontatuko digu, mundu hobean sinetsarazi zienak eta eskubide sozialak eskuratzen lagundu zizkietenak.
  • 19:15 L’Abre á vache (Frantzia). Goodbye Persil obra. Bi gizon Twingo gris batean, hiriko lorategi publiko batetik gertu. Gidaria, txikia, alkandora zuria eta gorbata beltza jantzita, ile beltza ukitu grisekin eta, bidaiaria, 1,90 m inguru, ile luze beltza, kolore bereko bizar luzea, eta galtza zuriak eta koadrodun alkandora jantzita. Bi anaiek 50 metroko errepide bidaia eskainiko dute.
  • 20:30 Oscar Terol (Donostia). Mundos para lelos obra. Oscar Terolek agerian uzten du pertsona guztioi ulergaitza zaigun mundu baten errealitatea. Helburu bakar gisa egunaren amaierara iritsi ahal izatea, besteen begirada eta kritiketara ahalik eta oharkabean igaro ondoren, gure "ni tontoa"; ezkutatzen saiatuz uneoro, eguneko edozein unetan ager daitekeena, gure bizitzak hondatzeko.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!