Durango adinekoentzat atseginago izateko ekintza plana aurkeztu dute

Anboto 2024ko mar. 5a, 13:32

Durangoko Udaleko eta Durango Lagunkoia egitasmoko sustatzaileak gaurko prentsaurrekoan.

Datozen hiru urteetan hamar lan-ildo jorratuko dituzte.

Durango Lagunkoia egitasmoak hamarkada bat baino gehiago darama Durango adinekoentzako atseginagoa izan dadin lanean. Gaur datozen hiru urteei begirako ekintza-plana aurkeztu dute. Adinekoekin batzartu dira eta prozesu parte hartzaileen bidez jasotako ekarpen anitzak hamar lan-ildotan batu dituzte. "Horixe izango da gure ibilbide-orria datozen hiru urteetan", adierazi dute egitasmoko kideek gaurko aurkezpenean.

Ekarpenak bi modutara batu dituzte. Batetik, Durangoko hainbat esparrutako 50 lagunekin dinamika bat burutu zuten Elkartegian. Bestetik auzorik auzo adinekoekin batzen ibili dira. Azkenean, jasotako proposamenak hamar lan-ildotan batu dituzte.

Adinekoak sustatzaile

Durango Lagunkoiako berezitasunetako bat da adinekoak eurak direla egitasmoa aurrera eramaten dutenak. Eta horrela izan da 2013an sortu zenetik. Gainera, Bizkaian aitzindariak izan ziren Bilborekin batera. Osasunaren Mundu Erakundeak proposatutako metodologian oinarritzen dute jarduna.

Honako hauek dira hainbat esparrutan banatutako hamar lan-ildoak:

Aire zabaleko espazioen eta eraikinen eremuan

Adinekoen zentroko eraikinaren irisgarritasuna hobetzea. Eraikinaren jabeen arteko elkarrizketak suspertzea, antzemandako beharrak jakinarazteko.

Edukiontzi lagunkoiagoak adinekoekin. Durangoko edukiontziak adinekoentzat egokienak diren aztertzea, hobetzeko proposamenak aztertzea eta informazioa Udaleko arduradunei helaraztea. Une honetan puntu honetan lanean dabiltzala informatu dute.

Belaunaldien arteko bizikidetza espazio publikoetan. Aisialdian belaunaldi bat baino gehiago dauden lekuetan arrisku-taldeentzat kaltegarriak izan litezkeen egoerak gerta daitezkeen aztertzea.

Mugikortasunari eta garraioari dagokienez

Autobusen irisgarritasuna. Kaltetutako erabiltzaileen beharrak eta testigantzak jasotzea, enpresako arduradunei hobekuntzak proposatzeko. Adibide bat jarri dute: autobusetako eskailera-maila altuak.

Bidegorrien seinaleak hobetzea. Punturik nahasienak detektatzea eta Udaleko arduradunei aukera argiagoak proposatzea.

Partaidetza eta gizarteratzea

Tabernariekin akordio bat lortzeko laguntza. Durangoko tabernekin akordio batera iristea, lagunkoiagoak izan daitezen eta ateak ireki diezazkieten adinekoei, komunak doan erabil ditzaten.

Nahi ez den bakardadea duten pertsonen integrazioa. Bizilagunen arteko harremanak indartzeko programa bat diseinatzea eta ezartzea eragindako guneetan.

Komunikazioari eta informazioari dagokienez


Auzoetako liburutegiak.
Liburutegiko sukurtsal txikiak sortzea, auzo periferikoetan kokatuak, adinekoek erabil ditzaten. Adinekoek beraiek kudeatu ditzakete.

Ondo informatutako adinekoak. Kolektiboarentzako informazio erabilgarria duten panel fisikoak sortzea. Informazioa aldian-aldian eguneratuko litzateke.

Gizarte- eta osasun-zerbitzuei dagokienez

Osasun sentikorra eta lagunkoia adineko pertsonekin. Kolektiboaren testigantzak eta beharrak jasotzea, hobetzeko proposamenak egitea eta Osakidetzako arduradunei helaraztea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!