Martxoak 8

"Emakumeek espazio seguru lez ikusi eta sentitzen dute Andragunea, eta horixe da espazio honek izan dezakeen ebaluaziorik onena"

Maialen Zuazubiskar 2024ko mar. 1a, 13:30
Nagore Uribe-Etxebarria Olabarrieta eta Kety Arrabal Navas.

Aurten 15 urte beteko dira Durangon Andragunea sortu zutela. Data seinalatu hori ospatzeko, ekitaldia egingo dute martxoaren 8an, 17:30ean. Urteurrenaren atarian, ANBOTO Kety Arrabal Navas Durangoko Berdintasun teknikariagaz eta Nagore Uribe-Etxebarria Olabarrieta Berdintasun dinamizatzaileagaz batu da. 

Aurten Andraguneak 15 urte egingo ditu Durangon. Zuek hasieratik zaudete?
Kety Arrabal: Andragunea bera, ofizialki, 2009an inauguratu zen, baina horren aurretik Berdintasun Arloa sortu zen, batzorde politikoagaz eta berdintasun kontseiluagaz. Hor hainbat eskaera egon zen, batez ere mugimendu feministatik, eta eskari nagusia emakumeentzat etxe bat sortzea izan zen. Ni hasierako pauso horietatik nago, Durangon 2007an hasi nintzen eta. 
Nagore Uribe-Etxebarria: Ni apur bat geroago sartu nintzen. Ez nintzen hasierako urte horietan egon. Andraguneak zortzi bat hilabeteko ibilbidea zeukanean sartu nintzen, 2010eko urtarrilean. 

Zelako garaiak izan ziren?
K.A.: Bilera errazak eta ez horren errazak egon ziren. Eskaerak maila batekoak ziren eta errealitatea beste batekoa zen. Hasieran, ez geneukan gaur egun dugun lekua. Pinondo Etxean eremu txiki bat geneukan. Eta mugimendu feministak beste posizionamendu bat eskatzen zuen, erreferentziazko gune bilakatzeko. Hasieran beti esaten nuen, emakumearen etxe bat barik, apartamentutxo bat genuela. Baina lekutxo hori edukiz bete genuen eta etxe propio bat behar genuela justifikatu genuen. 
N.U.: Eta Lariz dorrera etorri ginen. Zelanbait gorpuztu egin genuen emakumeen etxea. Pinondon gustura egon ginen, baina ez zen gure etxea. Duintasuna islatzen duen eraikin honetan lortu genuen hori gorpuztea. 

2017an Lariz dorrera lekualdatu zineten, eskari historiko bati erantzunez. 
K.A.: Nik ez nuen momentu hori bizi izan. Amatasun bajan nengoen eta garai horretan ez nengoen bertan. Baina ez nuen momentua galdu gura izan eta inauguraziora etorri nintzen, publiko modura. Nire ustez, hona etortzea aurrerapauso garrantzitsa izan zen. 
N.U.: Lekualdatzeak ekintza gehiago planteatzeko aukera eman zigun, topagunea indartzeko eta genero arrakala digitala murrizteko, besteak beste. Espazio fisikoak erraztu egin du emakumeei sorturiko beharrizanei erantzutea, edo horietara egokitzea. Azken batean, Andragunea beharrizan batzuei erantzuteko sortu zen, eta beharrizan horiek beste batzuk ekarri zituzten. Etxe honegaz, egokitzea eta erantzunak ematea lortu genuen. 

Urte hauetan guztietan, asko aldatu da Andragunea?
K.A.: Esentzia lehengoa bada ere, Andragunearen helburua izugarri aldatu da. Esaterako, bost ikastarogaz hasi ginen, eta gaur egun 25 ditugu. Horrez gainera, hasi ginenean ez genuen topagune izaera hori, eta, denborak aurrera egin ahala, gauza gehiago gehitzen joan dira eta erabaki garrantzitsuak hartu dira Andraguneak gaur egun duen izaera edukitzeko. 
N.U.: Aldaketa asko izan dira, bai edukiari dagokionez, eta baita parte-hartzaileei, espazioari eta ikusgarritasunari dagokienez ere. Eta horrek emakumeentzako erreferentziazko gune bihurtzea ekarri du, bai durangarrentzat eta baita eskualdekoentzat ere. 

Gaur egun zelan dago osasunez Andragunea?
N.U.: Andragunea, espazio aldetik, topera dugu. Alde batetik, seinale ona da hori. Baina momentu honetan ez dugu aukerarik handitzen jarraitzeko. Gure datu basean, esaterako, 2.000 emakumeren fitxak ditugu, eta horrek erakusten du gune honek zenbaterainoko eragina duen. Emakumeek espazio seguru lez ikusi eta sentitzen dute Andragunea, eta horixe da espazio honek izan dezakeen ebaluaziorik onena. 
K.A.: Andraguneak eta bertako ikastaroek emakumeen arteko sareak sortzeko balio izan dute, eta guretzat oso polita da hori ikustea. Baita emakumeek izaten duten eboluzioa ikustea ere. 
N.U.: Guretzat luxua da urteen bilakaeran emakumeen ahalduntze prozesu hori ikustea. Gainera, horrek asko laguntzen digu aurrera begira, nondik jo behar dugun jakiteko. 

Aurrera begira, zeintzuk erronka dituzue?
N.U.: Hainbat erronka dugu, zorionez. Zerbitzuak, eskaintzak eta profesionalak zabaldu edo zehaztea; baliabideen dimentsioari egokitzea; Andraguneko emakumeen dibertsitatea areagotzea; espazioa aldatzeko edo hobetzeko aukera kontuan izatea; eraldaketa sozialaren eta ikuspegi feministaren esentzia mantentzea; indarkeria matxistaren prebentzioa hautematea eta bideratzea lantzen jarraitzea; Andragunea erabiltzen duten emakumeen parte hartzea sustatzea eta beste eragile batzuekin erlazionatzeko bideak ezartzea, besteak beste. 

Beste ezer gehitu gura duzue?
K.A.: Emakume guztiei Andragunera bertaratzeko gonbidapena egiten diegu, baita emakume gazteei ere. Besoak zabalik hartuko ditugu eta emakume guztien proposamenak entzuteko prest gaude. 
N.U.: Urte batetik bestera programazioa egiten dugu, eta egiten dizkiguten proposamenak kontuan hartzen ahalegintzen gara beti. Gure jabetze helburuekin bat badatoz, kontuan izaten ditugu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!