Durangoko Udalak Auzogune berrirako lau aukera aurkeztu dizkie San Faustoko auzotarrei

Anboto 2024ko ots. 29a, 16:40
Udal arduradunek auzotarrekin egindako batzarreko irudia.

Hauek dira proposatutako alternatibak: Kapitanenerako eginda zegoen proiektua mantentzea, Kapitanenean bertan proiektu alternatibo bat sortzea beheko solairuan kanpoko eranskin bat ezarriz, frontoiko tabernaren terrazaren atzean dagoen eraikin bat eta Zirarmendieta kalean espazio berri bat.

Durangoko Udalak "lau alternatiba bideragarri" aurkeztu ditu San Fausto auzoan Auzogune berria ezartzeko, udalak ohar batean azaldu duenez. Aurkezpena atzo, otsailak 28, egin zuen Sara Oceja Hirigintza zinegotziak, Mireia Elkoroiribe alkatearekin eta Jesica Ruiz alkateordearekin batera, auzokideekin egindako bilera ireki batean. Honako hauek dira aurkeztu zituzten aukerak:

  • Kapitanena: 1.028.200 euroko aurrekontuarekin, 178 metro koadro erabilgarri eskaintzen ditu, bi solairutan banatuta. Proiektuak lizitazioa 2024ko maiatzean egitea aurreikusten du, Hiri Antolamenduko Plan Berezia 2025eko apirilerako aldatuta eta obra 2025eko uztailetik 2026ko maiatzera bitartean gauzatuta.
  • F4 eraikin berria: Terraza tabernaren atzealdean dago, eta 690.800 euroko aurrekontua izango luke, 146,47 metro koadro erabilgarrirako. Exekuzio-egutegiak Kapitanenaren antzeko kronograma jarraitzen du.
  • Zirarmendieta kaleko lokala: Espazio honek 530.129 euro eta 192,78 metro karratu erabilgarriko aurrekontua du, eraikina eraikitzeko epea 2024ko apiriletik 2026ko abuztura luzatu da, eta Auzoguneko obra 2027ko abendurako amaitzea aurreikusten da.
  • Kapitanena 2: Auzogunea beheko solairuan jartzen duen lehen proposamenaren aldaera, lorategiaren zati batean estalki bat erantsita duena. Bizilagunek proposamen hori iradoki zuten joan zen astean udaletxean auzo-elkartearekin egindako azken bileran, eta gaur egun azterketa prozesuan aurkitzen da.

Mireia Elkoroiribe alkateak proiektuarekiko konpromisoa azaldu du. "Ekimen honek garapen komunitarioarekin eta gure espazio publikoen etengabeko hobekuntzarekin dugun konpromisoa islatzen du, betiere modu eraginkor, seguru eta kolaboratiboan. Irekitakoprozesu honen bidez, San Faustoko bizilagunak erabakiaren parte aktibo izatera gonbidatzen ditugu, Auzogune berriak benetan auzotarrei eta Durangoko herritarren beharrei eta lehentasunei erantzungo diela ziurtatuz".

Durangoko Udalak konpromisoa hartu du "prozesu ireki eta parte-hartzaile bat egiteko, San Faustoko herritarrek erabaki dezaten proposamenetako zein lehenesten duten, eta, horrela, udal-kudeaketan herritarren lankidetzaren garrantzia berretsiz". Udalak San Faustoko auzotarrekin bilera ireki berri bat gauzatuko du martxo amaieran, Auzogunearen behin betiko proposamena lantzeko eta aukeratutako proiektuaren idazketari ekiteko, auzoak espazio horretaz ahalik eta lasterren gozatu ahal izan dezan.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!