Martxoak 8

“'Aire!' dokumentala bidaia emozional bat ere izan da parte hartu duten gazteentzat”

Anboto 2024ko mar. 1a, 12:30

35 urte joan dira Maurizia Aldeiturriaga panderojole eta abeslari zeberioztarra hil zenetik, baina bere ahotsaren oihartzunak bizirik jarraitzen du. Azken adibidea Bideografik eta Marmoka Films ekoiztetxeek berari buruz egin duten 'Aire!' dokumentala da. Ez da biopic bat. Beste ertz batetik heldu diote gaiari. Carlos Iglesias (Durango, 1978) dokumentaleko ekoizpen zuzendariak kontatu ditu dokumentalaren nondik norakoak. Zuzenean ikusi gura duenak Traña-Matienan eta Iurretan du horretarako aukera, martxoaren 3an eta 19an, hurrenez hurren. 

Zelan bururatu zitzaizuen Mauriziaren inguruko dokumental bat egitea?
Nire nerabezaroan sarritan entzuten genuen Mauriziari buruz. Nork ez zuen ezagutzen! Bere abestiengaitik ez bazen, Kortatugaz eginiko kolaborazioagaitik edo beste erreferentzia batzuengaitik. Azken urteetan, berak gura barik, kolektibo feministen ikur bihurtu da, plazan emakumearen espazioa aldarrikatzearen alde. Horrez gainera, garrantzitsua da aipatzea Mauriziaren inguruan zeozer egiteko ideia Arteako Udaletik sortu zela, 2019an. 25 urte betetzen ziren Arteako plazan Mauriziaren omenez estatua bat ipini zutenetik.

Zelakoa izan da dokumentazio prozesua?
Mauriziaren ibilbidea errepasatzen duen liburu bat dago. Beste informazio iturri bat bere familia eta lagunak dira. Euskal Filmoteka eta beste artxibategi historikoak ere bisitatu genituen bere figuran sakontzeko. Dena dela, argitu behar dut ez dela dokumental biografikoa bat, ez da biopic bat. Beste zeozer da, Maurizia beti presente dagoen arren.

Zelan deskribatuko zenuke dokumentalaren formatua?
Musikal generoko dokumentala dela esan daiteke, eta Mauriziaren bizitzan oinarrituta edo inspiratuta dago. Horrez gainera, Aire! dokumentala bidaia emozional bat ere izan da parte hartu duten gazteentzat.

Hasieratik zenuten biopic batetik haratago joateko ideia?
Bai, hasieratik geneukan zeozer diferentea egiteko ideia. Ideiari eutsiz, bidean gauza batzuk moldatu ditugu; hala nola parte hartu behar zuten gazteen kopurua, haien jatorria, jo beharreko instrumentuak… Baina oinarria hasierako bera da.

Produkzio lan handia eskatu du dokumentalak?
Mauriziaren figura gure mugetatik atera eta dimentsio handiago bat eman gura genion. Artea herria Kataluniako Esparraguera herriari lotuta dago musikalki, herri bien arteko senidetze bat dago eta hortik jo genuen. Arteara joan ginen eta bertatik bertara ezagutu genuen musika eskola. Haien bitartez, Tarragonako beste musika eskola bategaz hartu-emanean izan ginen. Esparragueran casting moduko batzuk antolatu genituen eta gazte batzuek deialdi horiei erantzun zieten. Gure proiektua azaldu genien. Euskal Herrian ere horrelako prozesu bat egin genuen eta beste gazte batzuk aukeratu genituen. Azkenean, 16tik 26 urtera arteko hamahiru gaztek parte hartu dute proiektuan: Euskal Herriko seik eta Kataluniako zazpik. Hurrengo pausoa kokapena aukeratzea izan zen. Maurizia zeberioztarra zen eta grabazioa Zeberioko baserri batean izatea lortu genuen. Gainera, baserri handia da, toki aparte batean dago, lorategi handi bat du… Interesgarriak iruditzen zitzaizkigun ezaugarri batzuk betetzen zituen. 

Dokumentala bera zelan antolatu zenuten?
Parte hartzaileek proiektuari buruzko oinarrizko informazioa zuten; hau da, bazekiten denbora batean toki baten egongo zirena, baina ez zuten detaileen berri izan bertara heldu ziren arte. Egunak jarduera nagusi bi zituen. Goizetan Mauriziaren figuran sakontzen zuten, eta abiapuntu horretatik identitatea, berdintasuna eta antzerako kontzeptuak lantzen zituzten. Jarduera hori dinamizatzeko, Naroa Gaintza musikari eta irakaslearen laguntza izan genuen. Arratsaldeetan musika saioak izaten zituzten eta Mauriziaren figuran oinarrituriko bi-hiru abesti sortzea edo berrinterpretatzea zen helburua. Saio horiek dinamizatzeko, beste musikari bi izan genituen: Carlos Sagi eta Iraide Ansorena.  

Ikasleen arteko bizikidetza eta lankidetza zelan jaso dituzue?
Euskaldunek elkar ezagutzen zuten, eta baita katalanek ere, baina euskaldunek ez zituzten katalanak ezagutzen. Baserrira heltzerakoan, elkarbizitza prozesu bat bizi izan zuten aste bitan, eta interesgarria izan zen bidaia horri jarraitzea. Bizikidetza, hartu-emanak… badakigu zelakoak diren sarritan. Dokumentalean erakusten dena naturala da, izan zen moduan jaso dugu, ez da antzerkia. Eurentzat giza-esperientzia interesgarria izan zen. Eta guretzat lan egiteko modu berri bat; egunean-egunean gertatzen zenaren barruan geunden. Denontzat aberasgarria izan zela uste dut.

Prozesu horretatik irtendako abestiak dira dokumentalaren kolofoia eta helmuga?
Bai, abestiek izateko arrazoi bat dute; hau da, helburu bategaz sortu dira, amaiera baterako. Baina hori dokumentala ikusten duenak deskubrituko du. Aurretik jakiteak grazia kenduko lioke. 

Dokumentala Zinebi jaialdian estreinatu zenuten, iazko azaroan. Zelan gogoratzen duzu estreinaldiaren eguna?
Hunkigarria izan zen eta apur bat estresagarria ere bai, gure jendearen aurrean egin genuelako. Dokumentalean parte harturiko hainbat gazte ere hantxe izan ziren, hemengoak zein Kataluniatik berriro etorririkoak. Jakina, eurek ez ziren muntaian egon eta ikusmina zuten dokumentala zelan geratu zen jakiteko. Beti izaten da beldur apur bat ea zein izango den erreakzioa, baina sorpresa atsegina eraman genuen, jasoriko iritziak oso onak izan ziren eta. Dokumentalak zeozer berezia transmititu ziela esan ziguten, euren barruan zeozer esnatu zuela. Beraz, alde horretatik oso pozik gaude. Azkenean, esperientzia honek elkarregaz dokumental bat egin izanak baino lorratz sakonagoa utzi digu. Hartu-eman berezia izan da. 

Arratiako zein herritan estreinatu duzue Aire
Baten bat faltako da, baina gehienetan proiektatu dugu: Igorren, Artean, Zeberion, Lemoan, Areatzan, Diman… Pozarren gaude jaso dugun feedbackagaz. Beste herri batzuetan ere izan gara. Martxoan bederatzi emanaldi ditugu, tartean Iurretan eta Abadiñon. Beraz, dokumentalagaz herririk herri ibiliko garen hilea izango da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!