Txistua hainbat formulatara eta adierazpen artistikotara egokitu daitekeela erakusteko helburuz sortu zuten Hiruzulo jaialdia orain urte bi. Eta aurten ere musika tresnaren unibertsaltasun hori bera defendatuko dute San Agustin Kulturguneko oholtzan. Jaizale elkarteak eta Durangoko Udalak gonbidaturik, Garikoitz Mendizabal txistulari prestigiotsuak eta Gorka Hermosa akordeoi jotzaile errekonozituak Sustraien Matxinada interpretatuko dute. "Izen berezi horren atzean matxinada artistiko moduko bat dagoela esan daiteke. Oinarrian gure musikatik abiatutako eraldaketa bat dago, eta eraldaketa hori Gorka Hermosaren lana da. Obrak badu musika garaikidearen, klasikoaren, jazzaren, flamenkoaren eta euskal musikaren eragina. Musika originala da, txistuari erronka konplexu bat ipintzen diona. Emaitza berezia da inondik ere", azaldu du Garikoitz Mendizabal txistulariak.
Sustraien Matxinada martxoaren 9an eskainiko dute, arratsaldeko 19:00etan. Mendizabal eta Hermosa ondo lagunduta egongo dira, gainera. "Bikotean ariko gara. Musika eskolako ikasle batzuk ondoan izango ditugu-eta gurekin, ilusio handiarekin. Jaialdi polita izango da. Momentu atsegin bat igaroko dugu", gaineratu du Mendizabalek.
Txistularien Eguna Mallabian
Hilaren 18an Durangaldeko Txistularien Egunaren 68. edizioa ospatuko da Mallabian. Bertan izango dira eskualde osotik joandako txistulariak, abesbatzetako kideak eta metalen familiako beste musika tresna jotzaile batzuk lagun. Alde horretatik txistu transmisioaren haria ez eteteko deia egin dute Jaizaleko kideek. Eta argi-izpi batzuk badaudela adierazi dute. "Txistuaren bueltan harrobia sortzen dabilela ikusten dugu. Txistu akademikoa ondo dago, baina herriko plazaren dinamikara jendea hurbiltzen hasi da", azaldu du Xabier Etxeita elkarteko kideak. Eleder Iturrietak bere egin du esan hori eta honako hau gaineratu du: "Garrantzitsua da kaleko erregistroan, dantza taldeekin, jaietan, plazetan, kontzertuetan egotea. Astiro-astiro bada ere, gazteak Jaizalera hurbiltzen dabiltza", dio.
Mireia Elkoroiribe alkateak "ohore eta pribilegio handiz" aurkeztu ditu etortzekoak diren ekitaldi biak. Txistuak euskal kulturan izan duen mendeetako bidea goraipatu, eta tradizio horretan jarraitzeko norabidea markatu du. Hiruzuloren edizio berriak bermatzeaz gainera, alkateak orain ospatzekoa den edizio honetan parte hartzera deitu ditu herritarrak.