40 Minutu Rock jaialdian eraso sexista bi salatu zituzten

Anboto 2024ko ots. 28a, 09:25

Antolatzaileek adierazi dute "borrokan" jarraituko dutela "azken euskal preso, iheslari edo deportatua etxean izan arte". 

40 Minutu Rock jaialdiko antolatzaileek zapatuko jaialdiaren balantzea egin dute. Antolatzaileek adierazi dutenez, "milaka" herritarrek egin zuten "aldarri" euskal presoak etxeratzearen alde. Jaialdiko ekitaldi nagusian Zaballako kartzelan dagoen euskal presoetako baten mezua ipini zuten entzungai, eta taula gainera igo ziren hizlariek honako hau adierazi zuten: "Azken euskal preso, iheslari edo deportatua etxean izan arte borrokan jarraituko dugu".

Antolatzaileen esanetan "gozamenerako eguna" izan bazen ere, "ez zen guztia positiboa izan." Jaialdiak iraun bitartean eraso sexista bi salatu ziren-eta. Antolakuntzak eraso hauekiko "atsekabea eta haserrea" adierazi ditu: “Espazio seguruak eraikitzeko bidea egiten ari gara, eta bide horretan jarrera matxista, transmaribibollofobo, arrazista eta bestelakoek ez dute inongo espaziorik", berretsi dute ohar bidez.

Palestinarekiko elkartasuna

Aipaturikoez gainera, jaialdiko beste elementu adierazgarri bat herri palestinarrari adierazitako elkartasuna izan zen. Programaturiko kontzertuen artean Palestinatik iritsitako DAM hip hop taldea egon zen. Eta taldea oholtzara igo aurretik, Landako Gunean baturiko milaka pertsonek Israelen genozidioa salatu eta Palestinarekiko elkartasun mezuak oihukatu zituzten. Eguneko une gogoangarrienetako bat izan zen. Musikazaleek Palestinako bandera ugari altxatu zituzten, eta SOS Gaza zioen mezua eratu. Oholtza gainean Ibaitik itsasora Palestina libre izango da zioen mezua zabaldu zuten. Elkartasun ekintza hori bukatuta, DAM taldeak kontzertua hasi zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!