Bidezabalek Euskadiko Kros Txapelketa irabazi du haur-kategorian

Anboto 2024ko ots. 27a, 11:03

Bidezabaleko haur-kategoriako taldea: Markel Zelaieta, Julen Saez de la Cuesta, Liher Campo, Endika Agirrebeitia, Ekhi Lazkano eta Alvar Rodriguez.

Joan zen domekan Euskadiko Kros Txapelketa lehiatu zuten Basaurin eta Bidezabalek haur-kategoriako talde bikaina duela berretsi zuen. Bizkaia mailako talderik onena Euskadiko txapeldun geratu zen.

Talde lanari esker lortu zuten garaipena. Ekhi Lazkano zazpigarren tokian sailkatu zen; Julen Saez de la Cuesta 18.; Endika Agirrebeitia 25.; Markel Zelaieta 28. eta Liher Campo 67. tokian. Alvar Rodriguezek ezin izan zuen parte hartu.

Emaitza on gehiago

Azken asteetan emaitza on gehiago lortu dituzte Bidezabaleko atletek. Esaterako, Cristina Teixeirak master mailako Espainiako txapelketa irabazi du disko-jaurtiketan. Lorcan (Murtzia) jokatutako txapelketan 37,22 metrora jaurti zuen diskoa.

Azpimarratzekoa da Laura Riosek Espainiako martxa txapelketan eta 20 urtez azpiko mailan lortutako seigarren postua ere. Riosek minutu batean hobetu zuen bere marka pertsonala: 51,23. Zaragozan lehiatu zen txapelketa. 

Pista estaliko Espainiako atletismo txapelketari dagokionez Laia Cariñanos laugarren sailkatu zen 1.500 metroetan honako denbora honekin: 4.48.64. Ixone Sanchez abadiñarrak eta Noa Sevillak 400 metroetan eta Iker Fidalgok 1.500 metroetan ezin izan zuten finalerdia gainditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!