Gaitasun Handiko Osasun Zentroa trenbideko lurretan eraikitzea erabaki dute Durangoko Udalak eta Osakidetzak

Anboto 2024ko ots. 23a, 11:14

Durangoko Udala eta Euskal Trenbide Sarea lanean dabiltza hitzarmena sinatzeko eta PERIaren eremuko arau subsidiarioak aldatzeko.

Durangoko Udaleko eta Osakidetzako ordezkariak udaletxean batu dira osasun azpiegituraren kokaleku posibleak aztertzeko. Eta alde biek erabaki dutenez, trenbide zaharraren lursailak dira Gaitasun Handiko Osasun Zentroa kokatzeko "aukerarik onena". Halantxik jakinarazi du goiz honetan Durangoko Udalak ohar bidez. Bilera bukatuta,  Osakidetzako eta udaleko ordezkariak PERIaren lurrak ikustera joan dira. Gobernu taldeak berretsi egin du azken hilabeteetako irizpidea. Bere esanetan, "Durangoko Udalak proposatutako gune hori Osasun Sailak eta Osakidetzak azpiegitura sanitario hori eraikitzeko zehaztutako beharrizanetara egokitzen da".

Hemendik aurrera, prozesuagaz aurrera jarraituko duela gaineratu du udalak. Aurreratu du Euskal Trenbide Sarearekin (ETS) hitzarmena sinatzeko lanean dabilela, eta PERIaren eremuko arau subsidiarioak aldatuko dituela. Mireia Elkoroiribe alkatea "pozik" agertu da gaur emandako urratsarekin, "aurreko agintaldian emandakoen aldean, gaur, ezaugarri berriak sartu direlako". "Uste dugu Trenbidearen PERIa dela Osasun Sailak Durangorako bultzatu nahi duen Gaitasun Handiko Zentroa eraikitzeko gune egokiena. Durangarrentzat hain garrantzitsua den proiektu honek aurrera egiteko beste urrats handi bat emateko balio izan du bilera honek", adierazi du alkateak.

Aurrera begira, udalak parte hartze prozesu bat abiatuko duela aurreratu du, herritarrekin batera trenbide zaharraren orube osoa diseinatzeko. "Ahalik eta adostasunik zabalena lortu" gura duela adierazi du Elkoroiribek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!