'Cuentos a los cuarenta' 2001ean argitaraturiko liburua da. 40 urteren bueltan zenbiltzan orduan. Zelan gogoratzen dituzu liburu haren lana eta idazketa?
Liburua nire bizitzako giltzarrizko etapa batean idatzi nuen, trantsizio bat bizitzen nenbilen, baina ez nekien norantza zen trantsizio hori. 40 bat urte neuzkan eta nire bizitzako etapa bat bete nuela sentitzen nuen, gura nituen gauza asko lortu nituen: idazlea izatea lortu nuen, lanak argitaratzea lortu nuen, ezkondu egin nintzen, alaba bat izan nuen, seme bat adoptatzekotan nengoen… azken hori liburuan kontatzen dut. Hori guzti hori bizi ostean, ez nekien hurrengo etapa zein zen, geldituta sentitzen nintzen, asperdura sentsazioa neukan. Amets asko bete nuen, baina amets horiek errealitate bilakatzean, zure buruan izaten duten distira eta aura galdu egiten dira.
Aro lasai batetik zentozen?
Aro lasaia zirudien, baina gertakari garrantzitsuekin, eta atsekabea eta ziurgabetasuna sentitzen nituen, baina ez nekien zergaitik neuzkan sentsazio horiek.
Hori guzti hori liburu batean azaleratu zenuen.
Cuentos a los cuarenta liburuak eguneroko bizimodua, errutina eta helburu batzuk lortu osteko galderak planteatzen ditu. Beraz, liburuak hiru gai lantzen ditu: lehenengo, bizitzako etapena dago; kontatzen diren istorioetan, adinak eragina du pertsonaien ikuspegietan. Beste gai bat, ironiatik eta umoretik gehiago lantzen dudana, emakumeen eta gizonen arteko elkarrizketarako zailtasuna da, uste baitut munduan egoteko eta bizitzari begiratzeko modu desberdinak ditugula. Eta, azkenik, fantasiaren eta errealitatearen arteko kontrastea lantzen du liburuak, ametsaren eta orainaren artekoa. Liburuaren hasieran aipatzen dut errealitatea jasateko amestea behar dugula; eta amaieran diot amestea ondo dagoela, baina errealitatera bueltatu behar dugula, ametsak antzuak baitira.
Aldatu al da ezer 2001eko Laura Freixasek zuen ikuspegitik gaur egun duen ikuspegira?
Liburuak nire egunerokoan idazten nuena biltzen du. Estilo aldetik zuzenketak egin behar izan nituen eta detaileren batzuk kendu nituen, baina, tira, nire egunerokoa da gordinean. Garai hartan etsipen handia sentitzen nuen bizitzagazko. Nahiz eta gauza asko egin eta lortu nuen, “eta orain zer?” galdetzen nion neure buruari, asperdura sentsazioa nuen, errutina sentsazioa… eta uste nuen urteek aurrera egin ahala berdina izango zela, baina aldaketak egin nituen nire bizitzan, eta orain, 65 urtegaz, oso pozik bizi naiz.
Gaur egun esaten da 40 urteak lehengo 30 urteen antzekoak direla; baita negatiboki ere?
Ikuspuntu pertsonala da izan daiteke, baina nire 30ek etapa aldaketa bat suposatu zuten nire bizitzan, gertakari ugari bizi izan nuelako. Hortik aurrerako hamar urteak ezegonkortasunez bizi izan nituen, eta 40 bat urte nituenerako banuen oreka bat: etxe bat ordaintzen nengoen, alaba bat izan nuen, ezkonduta nengoen… nire helduaroa 40 urtegaz hasi nuen. Baina, bai, gaur egungo 40 urteko jendeak nik 30egaz izan nuen ezegonkortasuna bizi duela ikusten dut.
Garai guztietan egongo zen, baina bizitzako etapa desberdinetan jasaten dugun presio soziala izugarria da gaur egun, batez ere 20, 30 eta 40 urteren bueltan. Zelan baldintzatzen du horrek norbanakoa bere bizitza pertsonalaren eraikuntzan?
Batez ere, hezkuntzan etapa luzea egin dugunon gain presio sozial handia dago ezarria. Zer ikasi aukeratu dugu, baina horrek erantzukizuna dakar, espektatiba sozial batzuk daude, eta formakuntza txikia izan dutenen aldean exijentzia handiagoa da. Horrez gainera, emakumeengan presio gehigarri bat sortzen da: familia bat osatu behar duzu, ama izan behar duzu, eta horiek bete guran gatx da karrera profesional on bategaz uztartzea. Nik espektatiba hori sentitu nuen. 65 urtera heltzearen alde ona da dadoak jaurtita daudela jada, eta horrek lasaiago bizitzeko aukera ematen du.
Gizartearen aurreiritzirik barik helduagoa izateko eta epe ertain-luzerako etorkizunerako planik ez izateko eskubidea al dago?
Nik, adin honetara helduta, gizartearen aurreiritzi eta espektatibek gutxiago ardura didatela sentitzen dut. Ez naiz lehen bezain epaitua sentitzen, edo ez dit ardura kanpoko epaiak. Horrek laguntzen du deskantsu apur baterako.
Zer eskatzen dio gizarteak 40 urteko gizon bati, eta zer 40 urteko emakume bati?
Gazteak garenean, ez gara konturatzen emakume eta gizonen arteko desberdintasunaz. Ikaslea nintzenean, orduko nire bikotekideak lez ikasten nuen. Aro horretan desberdintasunaren lehenengo aleak bizi ditugu emakumeok, eta 40 urteren bueltan nabarmena da non geratu den bataren ibilbide profesionala eta non bestearena. Emakumeok geure karrera sakrifikatzen dugu neurri handi batean, eta gizonek ez dute horren beharrik izan, hori geuk egin baitugu beraiengaitik.