Arene 6, Belako, Burutik, DAM, Des-kontrol, Esne Beltza, Hofe x 4:40, Ibil Bedi, Nevadah, Nøgen, Raimundo el Canastero, Streetwise eta Su Ta Gar taldeek oholtza nagusiak hartuko dituzte; DJ Kuku & Kene, LaMia Mari, Kiliki Frexko DJ Set, Pineapple Sweets eta Xaukena Xauk taldeek, ostera, karpako gunean emango dituzte euren saioak. Durangaldeko sortzaileei dagokienez, Nevadah, Xaukena Xauk, eta DJ Kuku & Kene taldeek ordezkatuko dute eskualdea.
Landako Guneak 10:30ean zabalduko ditu ateak, eta 11:00etan hasiko da jaialdia, Burutik taldearen kontzertuagaz. Jaialdia goizaldean amaituko da, Su ta Gar, Esne Beltza eta, azkenik, Hofe x 4:40 izango direlarik zortzigarren edizioa zarratuko duten taldeak. Esne Beltzaren kasuan, taldeak 2023ko abenduan iragarri zuen 2025ean oholtzak utziko zituela. Biharkoa izango du iragarpenaren ondoren emango duen bigarren kontzertua, lehenengo kontzertu handia. Handia izango da, milaka pertsona batzea itxaroten baita Landako Gunean. Oraindino badaude sarrerak, BIBEren webgunean, eta azken egunera arte sarrerarik geratuko balitz, egunean bertan ere ipiniko dituzte salgai.
Nazioarteko bisita
40 Minutu Rock-ek bisita berezia izango du aurten. Izan ere, DAM talde palestinarra etorriko da Durangora. Anes Baños antolatzaileak adierazi duenez, taldea gonbidatzeko ideia urriaren 7an Palestinako egoera gogortzearen harira etorri zen: "Elkartasun jaialdi bat garen aldetik, Palestinako herriari gure elkartasuna zelan adierazi pentsatzen aritu ginen. Fermin Muguruzaren bitartez, DAM taldearen proposamena heldu zitzaigun, eta proposamen horri heltzea pentsatu genuen. Jaialdian zehar gure elkartasun keinua helarazi gura genioke herri palestinarrari".