Tabirakoko jokalari aitzindariak omenduko dituzte zapatuko partiduan

Joseba Derteano 2024ko ots. 22a, 15:11

Iazko abenduan jokaturiko beteranoen partiduko irudia.

Tabirako-Baqué emakumeen talde nagusiak Lehen Nazional Mailari dagokion liga partidua jokatuko du zapatuan, 19:00etan, Mondragon Unibertsitatearen kontra.

Partidu hori ekimen berezi baterako baliatu du klubak. Izan ere, aurten 50. urte betetzen dira Tabirakon emakumeen taldea sortu zenetik, eta urtean zehar hainbat ekimen antolatzen dabiltza urteurrena ospatzeko. Zapatuko partiduaren atsedenaldian, 1973tik gaur egunera arte Tabirakon jokatu duten emakumezkoen ordezkaritza zabala kantxaratuko da eta omendu egingo dituzte. 

Aurrera begira, ekimen gehiago egongo da urteurrena ospatzeko. Esaterako, bazkari herrikoia eta emakumeen taldearen argazki erakusketa antolatu dituzte ekainerako. Urteurrenaren kolofoia ekain amaieran San Agustin kulturgunean egingo duten ekitaldia izango da. Orain arte egin dutena ere ez da gutxi. Besteak beste, iazko abenduan, belaunaldi desberdinetako jokalariek osaturiko beteranoen partiduak jokatu zituzten Landako Kiroldegian. Ekimenak Durangoko hainbat ikastetxetako nesken taldeak ere batu zituen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!