"Mendiaz eta naturaz gozatzeko modu asko dagoela erakutsi gura diegu gazteei", azaldu du Alpino klubeko Mireia Nietok, eta hori buruan dutela osatu dute 12tik 17 urtera arteko gazteentzako eskaintza. Martxoko lehenengo irteeran elurretara joango dira, neguko teknikak ikastera; apirileko abentura dosia eskaladak eta rappelak osatuko dute, eta maiatzean Kantabriako via ferrata batean barneratuko dira, barranko jaitsiera eta abarrekin.
Etapa berrirako amuak
Nerabezaroa adin konplikatua da. Gurasoen altzotik irten eta mundu zabala euren kabuz eta lagun artean deskubritzeko nahia sentitzen dute gazteek. Etapa berri bat bizitzan. Nerabeen interesa mantendu gura duenak euren beharrizanetara moldatu behar du eta horixe egin dute Alpinon. Hiru urte daramatzate nerabeen gustuetara propio diseinaturiko irteerak antolatzen. "Afizioak sortzen diren sasoia da eta guk naturaz gozatzeko aukera eskaini gura diegu", dio Nietok. Ekimenen aniztasuna da gazteak erakartzeko amu bat. Erdigunean natura dago eta hark abentura gosea asetzeko eskaintzen duen abanikoa zabala da: raftinga, arroilak bajatzea, rappela… Beste abantaila bat da irteeretara lagun artean eta euren adinekoekin joateko aukera eskaintzen dietela. Gurasorik barik bai, baina ez bakarrik; abentura irteeretan, profesionalak diren enpresa bategaz joaten dira. "Oso pozik gaude enpresa horregaz. Jende jatorra da, gaztea, euskalduna eta animoz betea, eta nerabeei balioak erakusten ahalegintzen dira: naturagazko maitasuna, elkarrekiko errespetua, elkar zaintza…". 2022tik hona egitasmoa sendotzen joan da apurka-apurka. Lehenengo urtean, ekimenen bat bertan behera utzi behar izan zuten, nerabe faltagaitik, baina iaz, azken irteera batzuetan, zotz egin behar izan zuten eskaria espero baino handiagoa izan zelako.
Nietok azpimarratu du talde zabala direla, eta ekimenen bat antolatu edo proposatu gura dutenak "ongietorriak" direla. "Asko bagara, bakoitzak lan gutxiago eginda gauza politik egin daitezke", esan dute.
Familia-irteerak
Alpinoren familia irteerak ere azpimarratzekoak dira. Umeei bideratuta daude eta familian joaten dira. Kasu honetan ere natura bere aderazpenik zabalenean hartzen dute irteerak antolatzerakoan. 2017tik hona makina bat tokitara joan dira: Eginora, animalien aztarnen bila; Zumaiara, hango flyschak ezagutzera; Valdezcarayra, eskiatzera; Nafarroara, Medukiloko kobazuloan barneratzera…
URTEKO EGITARAUA
---
• MARTXOAK 9-10. Neguko teknika, Kantabriako Alto Campoo eski estazioan.
• APIRILAK 28. Eskalada eta rappela, Urdulizen.
• MAIATZAK 18-19. Via ferrata eta barranko jaitsiera, Liebanon (Kantabria).
• IRAILAK 29. Espeleologia, Mairuelegorreta kobazuloan, Gorbeiako Parke Naturalean.
• URRIAK 26-27. Gau Baltza