Durangoko Udalak mendekotasuna duten pertsonei gizarte eta osasun arreta eskaintzeari buruzko ikastaroa antolatu du lehenengo aldiz. Ikastaroa Ermuko Udalagaz elkarlanean eskainiko dute. 450 orduko ikastaroa izango da. Ordu horietatik 88 presentzialak izango dira eta gainerako 362ak, autoprestakuntzakoak. Hau da, bakoitzak bere kabuz landu beharko du ikastaroa, jarraitu beharreko materiala eta ariketak eginda.
Programa hau etxeko zaintzaren sektorean profesionaltasun ziurtagiria lortzeko arazoak dituztenei begira sortu dute. Ezagutzak eskaini gura dituzte horrekin beharrezko ziurtagiri profesionala lortzen laguntzeko. Ikastaroa egin gura dutenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte besteak beste: mendekotasuna duten pertsonak etxe partikularretan zaintzen lan egitea edo aldizka lan egitea, profesionaltasun ziurtagiria bide formalaren bidez lortzeko zailtasunak izatea eta aurrez aurreko talde gaikuntzarako ordutegi prestutasuna izatea.
Formakuntza profesionala zapatu arratsaldeetan eskainiko dute, martxoaren 9tik irailaren 28ra, 15:30-19:30 ordutegian, Ermuko Izarra Centre zentroan. "Lehenengo ikastaro hau ikastaro hau Ermuarekin batera egingo dugu, baina Durangoko Udalaren helburua da gure udalerrian osorik eskaintzea hurrengo edizioetan", azaldu du Jesica Ruiz alkateordeak. Ikastaroan izena emateko azken eguna martxoaren 1a izango da.