Elkarrekin Podemos: "Zabalarrak zazpi urte daramatza sukalde baten zain"

Anboto 2024ko ots. 20a, 16:34
Miren Gorrotxategi eta Isa Gonzalez, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide durangarrak.

Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak Zabalarra eskola bisitatu du gaur, Elkarrekin Podemos koalizioaren eskariz. Alderdi morearen ordezkari gisa, bertan izan dira Miren Gorrotxategi eta Isa Gonzalez legebiltzarkide durangarrak.

Eusko Legebiltzarreko politikari talde batek Durangoko Zabalarra eskola bisitatu du gaur, jantokiaren kudeaketa eredua aldatzeko egiten dabiltzan lana gertutik ezagutzeko. Bisita Elkarrekin Podemos koalizioaren eskariz egin dute, Isa Gonzalez legebiltzarkide durangarrak horixe egiteko eskaria erregistratu baitzuen joan zen azaroaren 9an, legebiltzarrean bertan. Gonzalez bera bisitan izan da gaur, eta ondoan izan du Miren Gorrotxategi alderdikidea. Eurekin batera Hezkuntza Batzordean parte hartzen duten ordezkari politikoak eta Zabalarra eskolako kideak ere egon dira. 

Bisita bukatuta, Miren Gorrotxategik "eskola publikoak eman dezakeenaren eredu" gisa ipini du Zabalarra. "Bertan, aniztasuna da ezaugarririk ikusgarrienetako bat. Aniztasuna eta inklusioa. Hezkuntza komunitate estu eta indartsua dabil lanean. Gurasoak, zuzendaritza taldearekin batera, elkarlanean dabiltza proiektu ederrak martxan jartzen", azaldu du legebiltzarkide durangarrak. Hain zuzen ere, proiektu horietako bati egin dio azpimarra. Hezkuntza Sailak Zabalarran sukalde propioa ipintzeko daukan asmoari. Eta kexa ere agertu du, aspaldi egindako eskariak ez direlako gauzatu oraindino: "Zabalarrak zazpi urte daramatza sukalde baten zain. Gobernuak, printzipioz, onartzen du proiektua, baina oraindik ere inbertsiorik ez dago. Ez dakigu aurten sukaldea ikusteko moduan izango garen". 

Urte luzeko borroka

Zabalarran eta Durangaldeko beste hainbat ikastetxe publikotan aspaldikoak dira sukaldeak ipintzeko eta tokiko produktuak kozinatzeko eskariak. Berton Bertokoa dinamika da horren erakusle. Gurasoek osatutako dinamikak hamaika ekintza, eskari eta egitasmo egin ditu urte hauetan guztietan, eta lorpenak ere batu ditu. Zaldibarko eskolan, adibidez, Hezkuntza Sailak sukaldea ipini zuen. Atxondoko eskolakoa ere oraintsu inauguratu dute. Baina beste hainbat ikastetxetan, hala nola Juan Orobiogoitian (Iurreta), Zelaietan (Abadiño) eta Traña-Matienan (Abadiño), ez dago berrikuntzarik oraingoz. Hezkuntza Sailak ez du horietan sukalderik eraikitzea aurreikusi, Berton Bertokoa dinamikako kideek sarri eskatu arren. Zabalarraren txanda aurki iritsi daiteke. Proiektua egon badago, baina obrak egitea falta da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!