Berbarok udalekuetako eskaintza oparoa antolatu du

Anboto 2024ko ots. 20a, 11:39
Berbaroren udaleku bateko irudia. (Artxiboko irudia)

Izen-ematea martxoaren 4tik 7ra izango da.

2024ko udan ere Berbaroren udaleku eskaintzaz gozatzeko aukera izango dute Durango eta Durangaldeko haur eta gaztetxoek. "Euskara ahoan Euskal Herriko askotariko lekuak ezagutu eta lagun artean kalitatezko aisialdiaz gozatzeko aukera oparoa dugu", azaldu dute ohar batean. Udan Olgetan ekimenak, eta, udaleku finko eta ibiltariek osatzen dute aurtengo eskaintza.

Udan Olgetan 4 eta 10 urte arteko umeei bideratuta dago. Ekimenak hiru egun gehiago izango dituela da nobedadea: ekainaren 24tik uztailaren 24ra. Jantoki zerbitzua izango du.

Udaleku finkoetan aukera bi daude. Bata, Larraulen izango da, ekainaren 27tik uztailaren 6ra. LH3 eta LH4ko haurrei bideratuta dago. Bestea, Mendigorrian da, uztailaren 9tik 20ra, eta LH5 eta LH6ko gaztetxoei bideratuta dago.

Udaleku ibiltarietan ere aukera bi daude. Ibiltari txikia Markiña-Xemeindik Larrabetzura egingo dute, ekainaren 28tik uztailaren 9ra bitartean. DBH1 eta DBH2ko gaztetxoentzat da. Ibiltari handian Balmasedatik Bermeora joango dira, uztailaren 10etik 22ra bitartean. DBH3, DBH4 eta lehenengo batxilerreko gazteentzako ekimena da.

Izen-ematea

Izen-ematea martxoaren 4ko 09:00etatik martxoaren 7ko 16:00etara bitartean egin beharko da. Plazak betez gero, zozketa martxoaren 8an egin eta jakinaraziko da. Fitxak martxoaren 15ean entregatu beharko dira. Azkenik, plazaren bat libre balego, martxoaren 19 eta 22 bitartean egingo da ezohiko izen-ematea. Informazio guztia www.berbaro.eus webgunean jaso daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!