San Fauston aparkatzeko dauden arazoak salatu ditu auzo elkarteak

Anboto 2024ko ots. 16a, 14:26

Bernardo Gabiola kaleko irudia.

Egoeraren berri emateko, domeka eguerdian San Fauston egingo duten herri batzarrera deitu dituzte auzotarrak.

Auzoan aparkatzeko dituzten "arazoei" irtenbide bat "ahalik arinen" emateko eskatu dio San Fausto auzo elkarteak udalari. Zehazki, Bernardo Gabiola kaleko egoera salatu dute. "Azaroan udalagaz egin genuen batzarrean esan ziguten hiru astean operatibo egongo zirela Bernardo Gabiolako aparkalekuak. Harrezkero hilabeteak joan dira. Ez dute agindutakoa bete eta gainera egoera okertu zute Zirarmendieta kalean aparkatzeko hamar plaza kenduta", salatu dute ohar batean.

"Bulego teknikoak ikuskapen bat egin behar zuela izan zen Bernardo Gabiola kalea ez irekitzearen justifikazioa. Kontua da Faustekalea irekita dagoela Tourra igaro zenetik eta ez diote ikuskapen hori egin, alkatetzagaz egindakoa azken batzarrean esan zigutenez. Tourra Durangoko auzotarrak baino garrantzitsuagoa da?", galdetu dute.

San Faustoko etxebizitzek garajerik ez izateak egoera are gehiago zailtzen duela gogoratu dute.

Horiek horrela, auzo elkartekoek batzar batera deitu dituzte auzotarrak egoeraren berri emateko. Batzar hori domeka honetan, 12:00etan, izango da San Faustoko parrokian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!