Zelan ate irekiera ekitaldia?
Oso ondo joan zen. Espazioa oso txukun geratu da. Erakusketa honek nobedade bat du, izan ere, lehenengoz eskulturak ere erakutsiko ditut; urte asko eman dut eskulturagaz lanean, baina orain arte ez dut erakusteko aukera ikusi, eta hau Durangon bertan zenez, zeozer berria gehitu gura nuen. Jende dezente etorri zen, eta kontzertu bat ere egon zen. Polita izan zen.
'Arketipoak'-en batu dituzun lanek zer dute lotura gisa?
Eskulturekin maskarak eta antzerako zeozer egiten hasi nintzen. Gorputzaren erretratoak egiterakoan, deformatzeko baliatzen nituen eskultura horiek, irudi figuratibo horiek abstraktora pasatzeko, besteak beste. Hasieran ez ziren zeramikazkoak, baina eskulturak aberaste aldera, material gehiago erabiltzen hasi nintzen; geroago eta konplexuagoak izan dira, eta koadroetan galdu egiten da hori. Arketipoen ideiagaz lotuta, hasierako eskultura edo maskarek ezaugarri batzuk zituzten, ez ziren oso konkretuak, baina hainbat kulturatan errepikatzen ziren ezaugarriak ikusten nizkien; adibidez, kolore gorriko maskarek lotsa edo gorrotoa sinbolizatzen zutela ikusi nuen, oso sentimendu primitiboak. Baina ez dute esangura edo lotura konkreturik. Beharbada, material folklorikoa erabiltzen dudalako, lazoak edo oihalak estanpatuekin, zeozer arketipikoa izan daiteke; aurpegia estalita agertzen diren pertsonak pertsonaia bihurtzen dira.
Margolan eta eskulturen artean lotura hori dago?
Eskultura batzuk margoetan ikusi daitezke, eta beste batzuk, agian, ezkutuan daude. Baina haien arteko komunikazio forma bat sortzen da erakusketan ikusterakoan.
Lanetariko batzuek Lantzeko inauteriak ekartzen dituzte gogora. Zein hartu-eman duzu Lantzeko inauteriekin?
Urte askoan izan dut Lantzera joateko asmoa, baina ezin izan naiz joan iaz arte. Nire pertsonaiek hangoen antz handia zutela ikusi nuen. Inkontziente kolektibo bat dagoela pentsatu nuen orduan, gure imajinario osoan dagoena presente, eta hortik dator hartu-emana. Uste nuen argi nuela zeintzuk ziren nire pertsonaien formak, baina ez. Eta aurrez aurre topatzerakoan, zer pentsatu eman zidan, iruditeria orokor horretan. Eskulturetan hori islatzea gustatu zitzaidan.
Akrilikoekin egin dituzu margoak.
Gramaje handiko paperak erabiltzen ditut, eta trazoan nire jestua asko ikusten da eta hori gustatzen zait; oso argi ikusten da margozterakoan egiten dudana, baina bai, akrilikoa da. Margozteko modu gordina da. Iruditik hasten naiz lanean, irudi hori koloreetan deskonposatzen dut, deseraikitze ariketa bat dago. Trazo bizkorra egiten dut, eta hortik dator pintatzeko modu hori.
Bideotik hasten zara. Ez da ohikoena.
Egundoko buelta ematen diot neure prozesuari. Leku batetik hasi, eta pinturara heltzen naiz azkenean. Baina helburua ez da bakarrik pinturara heltzea, prozesu luze hori ibiltzea baino, bertan gauza asko gertatzen delako. Erakusketa honetan badago margoren bat bideo bateko fotogramaren batetik abiatu dudana, eta lehenengo eskulturak ikus-entzunezko formatu batetik pentsatuak ziren. Adibidez, kroma tela berdea zuten batzuk ikus-entzunezko formatuetarako pentsatuak ziren, jakinik gero bideo horretatik fotograma bat hartuko nuela margotzeko. Orain bai, orain banago pentsatzen ikus-entzunezko formaturako, baina denbora bat egon da eskulturatik margora jarraian jauzi egin dudana, baina bide hori asko gustatu izan zait. Askotan egin dut jauzi eskulturatik bideora, eta hortik eskulturara itzuli, eskulturatik bideora, eta bertako fotograma batetik pinturara.
Margoa, eskultura, ikus-entzunezkoak... hainbat diziplina jorratzen duzu. Zein da gustukoen duzuna?
Erabiltzen ditudan hiru hizkuntza dira, batzuetan bakarka, eta hirurak batuta ere bai. Presente izan ditut, erritual bat balitz legez, nire lan egitura ere erritual legez hartu daitekeelako. Nire bideoekin ere berdin. Motibatzen nauen zeozer da, baina ez da ezer konkretua... Nire bideoek zeozer magikoa dute, formatu hori dute, mistikoa eta iluna.
Horregaz lotuta, musikagaz ere baduzu hartu-emana.
Bai. Inaugurazio ekitaldian zuzeneko musika egon zen. Bestalde, Halibut proiektu elektronikoa osatzen duten kideekin ere lan egin dut. Bideoklip bat egiteko zen, baina, aldi berean, zeozer elkarregaz egiten genbiltzan, musika bideoagaz, eta bideoa musikagaz. Baina, bestela ere, gustuko dut musika oinarrian jarrita, konposatu bitartean, nik neure ikus-entzunezko lana egitea. Bestalde, musika taldeentzat azalak ere egin ditut, besteak beste. Lehen esan dudan moduan, prozesua da interesgarriena, eta dena bat balitz legez ikusten dut, emaitza desberdinekin, baina dena bat balitz legez.