Durangoko aurrekontuek Antso Estegiz, Eguzkitza eta Aramotz berritzea izango dute helburu

Ekaitz Herrera 2024ko ots. 18a, 08:33

Gobernu taldeak aurrekontu "austeroak" direla esan du, "ongizateari eta bizi kalitateari" eustea ahalbidetuko dutenak. Kontuek aurrera egin dute EAJren, PSE-EEren eta PPren aldeko botoekin. EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak baztertu egin dituzte, "arlo sozialetan murrizketak" daudela iritzita.

Durangoko Udalak indarrean sartu ditu 2024ko aurrekontuak. Instituzio publikoak 42.577.303 euroko diru poltsa izango du honako urte hau kudeatzeko, iaz baino %2,47 gehiago. Eguenean egindako osoko bilkuran, "ongizateari eta herritarren bizi kalitateari" begirako diru partidak "lehenetsi" dituztela azaldu zuen Josune Escota ogasun zinegotziak. Gobernu taldetik honako proiektu hauek ipini dituzte helburutzat: Adinekoei begirako zerbitzua hobetzea (besteak beste Astarloa egoitzako igogailua berritu eta Adinekoen foroa sustatuko dute), Antso Estegiz kalea berrurbanizatzen jarraitzea, Tabirako kirol instalazioetako aldagelak berritzea eta turismoa sustatzea. Ezarritako beste diru ataletako batzuk Aramotz Berritzeko proiektuari, migrazio politikei, bide publikoen mantenuari eta berdintasun politikari lotuta daude. Era berean, Escotak aitortu zuen kontu "austeroak" direla, eta ez dutela "aukera handirik utzi" edukiez erabakitzeko. Jesica Ruiz alkateordeak gaineratu zuen "pertsonak lehenetsi" dituztela. "Erakunde autonomoetara bideratutako dirua igo dugu, bide publikoen mantenurako partida ere bai. Arlo sozialeko diru partidek gora egin dute berdintasun, migrazio eta inklusio politiketan", azaldu zuen.

EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak, berriz, iritzi kontrajarria adierazi zuten aurrekontuekiko. Talde politiko bien arabera kontu onartu berriek "murrizketak dakartzate hainbat arlo sozialetan". "Ongizatea bultzatu gura duzuela diozue, baina, ahaztu egin zaizue ume eta gazteei begirako, gazteen emantzipaziorako, Plateruenerako, kirol eta kultur arloei begirako diru atalak gutxitu egin direla", kritikatu zuen EH Bilduko Iker Urkizak. Herriaren Eskubideko Jorge Varelak ere kritiko egin zuen berba: "Aurrekontua hiru milioi euro igo den arren murrizketak daude arlo sozialean. Hala nola, hezkuntzan, kulturan, kirolean, ingugumenean eta berdintasunean".

Emendakinak

Dena dela, testu onartu berrian oposizioko taldeek egindako ekarpenetako batzuk geratu dira jasota. Adibidez, EH Bilduk egindako bost proposamenetatik hiru testu berrian txertaturik geratu dira. Honako hauek: eraikinetako teilatuetan energia iturri berriztagarriak ipintzeko partida; herriko udal eraikinetan eta komertzioetan desfibriladoreak ipintzeko partida, eta herri hezitzaileago bati begirako diru partida. Herriaren Eskubideak osoko zuzenketa aurkeztu zien aurrekontuei, baina haren proposamenak ez zuen babesik izan. Talde independenteak proposaturiko bost emendakinetatik bakarrak egin zuen aurrera. Udan kale zinema antolatzeko diru partidak. Alderdi Popularrari dagokionez, hiru ekarpen geratu dira testuan islatuta: autobus urbano bat ezartzeari buruzko aurreproiektua egitea, udaltzaingoarentzako taser pistola erostea eta adinekoen egoitzako igogailua konpontzea. 

ESANAK:

  • Markel Larruskain (EH Bildu): "Aurrekontu hauekin urte hauetan garatzen joandako proiektu batzuk geldiarazteko arriskua dago. Ez dira guk landurikoen jarraipena, eta normala ere bada, beste talde bat baitago gobernuan. Kontua da, baina, aurrekontu hauei ez diegula norabiderik ikusten".
  • Josune Escota (EAJ): "Aurrekontu estua da, eta horrenbestez, ez dago analisi sakonik egiteko tarterik. Murrizketarik ez dago. Azken lau urteotan exekutatu barik geratu izan diren partidak mantentzeak ez zuen zentzurik. Kopuru horiek identifikatu eta gobernu talde honen norabideari begirako proiektuetan txertatu ditugu ".
  • Jesica Ruiz (PSE-EE): "Aurrekontu ona da, herritarren bizitzek eta proiektuek aurrera egitea ahalbidetuko duena. Enplegua, etxebizitza, adinekoak, berdintasuna, Tabirako aldagelak, Antso Estegiz eta Aramotz Berritu, auzoetako lokalak. Horiek dira kontu hauen ardatzak".
  • Jorge Varela (Herriaren Eskubidea): "Murrizketetan oinarritutako aurrekontuak dira. Gure eredua soziala da, pertsonengandik hasi eta pertsonei begirakoa. Aurrekontua hiru milioi igo den arren, murrizketak daude arlo sozialean. Hezkuntzan, kulturan, kirolean, berdintasunean eta ingurumenean". 
  • Carlos García (PP): "Gutxirekin asko egin daitekeela erakusteko ahalegina dira aurrekontuok. Diruz handiak ez diren arren, herritarren artean eragin oso positiboa izan dezaketelakoan nago. Gobernu taldea berria da, bere lehenengo aurrekontuak dira, eta denei eman behar zaie aukera bat". 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!