45 urteko behargina hil da Fumbarri enpresako teilatutik behera jausita

Anboto 2024ko ots. 13a, 13:36

Behargina azpikontrataturiko enpresa batentzat zebilen lanean. Teilatua konpontzen zebilen.

Goizeko 10:50etan lan istripua gertatu da Durangoko Fumbarri enpresan. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 45 urteko behargina enpresako teilatua konpontzen zebilela jausi da. Larrialdi zerbitzuak bertaratu dira, baina ezin izan dute ezer egin eta langilea bertan hil da. Beharginak azpikontrataturiko enpresa batean ziharduen. Istripua gertatu denean lantegiko teilatua konpontzen zebilen. Lan heriotzaren ondorioz, enpresak bere jarduna eten du.

LAB eta CCOO sindikatuek osaturiko enpresa komiteak geldialdia deitu du biharko 12:30etatik 14:30etara. Kontzentrazioa egingo dute enpresaren aurrean 13:00etatik 14:00etara.  

"Onartezina"

LAB sindikatuak gertaturikoa salatu du ohar bidez. "Jasotako lehen datuen arabera, langileak arnesa ipinia zuen eta litekeena da loturarik eduki ez izana edo honek huts egin izana. Ohikoa da obretan, segurtasun neurriak bermatu behar dituen errekurtso prebentiboa ez egotea, eta, modu honetan, une askotan langileak segurtasun gabe lan egitera behartuta egoten dira, bitartekorik ez zaielako bermatzen", azaldu du sindikatuak. Gertaturikoa "onartezina" dela gaineratu dute. LABek samina eta elkartasuna adierazi die hildako langilearen senide, lagun eta lankideei. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!