'Deabruaren zubia' ordezkatuko duen pasabidea eraikitzen hasi dira

Anboto 2024ko ots. 12a, 10:30

Egitura berria 42,6 metro luze eta 2,48 metro zabal izango da. Obraren lehenengo pausoetan zubiaren oinarriak prestatuko dituzte.

Zapatuan Deabruaren Zubia ordezkatuko duen pasabidea egiteko lanak hasi zituzten Ibaizabal errekaren gainean, Iurreta eta Durango artean. Zubi berria garai batekoa zegoen leku berean ipiniko dute, eta lanak Arripausuetan UE-16 etxebizitzak garatzen dabilen sustatzaileak hartuko ditu bere gain. Obrak hiru hilabeteren epean amaitzea dago aurreikusita. Zubi berria 42,6 metro luze eta 2,48 metro zabal izango da. Proiektua egiteko lehenengo pausoa zubiaren oinarriak prestatzea izango da, bazterretan hormigoitze lanak eginda. 

Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak adierazi du pasarela berriak, zaharrarekin alderatuta, "nabarmen" hobetuko duela "irisgarritasuna". "Ez du eskailerarik izango eta zabalagoa izango da, udalerri atsegin, irisgarriago bat eraikitzeko dugun konpromisoa islatuz, durangar guztiak kontuan hartzen dituena”, azpimarratu du alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!