Osasungintza publikoaren alde elkarretaratzea egingo dute otsailaren 13an Landakoko Osasun Zentroaren aurrean

Anboto 2024ko ots. 11a, 10:30

Artxiboko irudia.

DOPA plataformak kontzentrazioa deitu du otsailaren 13rako. 12:00etan izango da Landakoko Osasun Zentroaren aurrean. 

Durango Osasungintza Publikoaren Aldeko plataformak Osakidetzak lehen mailako arreta eta larrialdiak berriro eten dituela salatu du. "Durangon ez dira oporretan edo bajan dauden pertsonak ordezkatzen, eta horrek egoera jasangaitzetara eraman gaitu", azaldu dute. 

Familia medikuekin hitzordua izateko, hilabete itxaron behar dutela adierazi dute, eta ez dagoela etxez etxeko edo adinekoen egoitzera asistentziarik. 

Hori horrela, eta kalitatezko osasungintza publikoaren alde, elkarretaratzeko deia egin dute. Kontzentrazioa datorren martitzenean, otsailak 13, 12:00etan izango da Landakoko Osasun Zentroaren aurrean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!