Etxebizitza tasatuen ordenantza sortzeari ekin diote Durangon

Anboto 2024ko ots. 6a, 15:26

Herritarren ekarpenak jasotzeko partaidetza prozesua zabalik dago udalaren web orrian, martxoaren 5era arte. 

Durangoko Udalak etxebizitza tasatuen ordenantza sortzeari ekin dio. Arau berriak "sustapen libreko etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak dituzten familiei etxebizitza eskuratzen laguntzea" izango du helburu, udal iturriek azaldu dutenez. Ordenantzak etxebizitzen, lokalen eta eraikinen ezaugarriak jasoko ditu, babes sozialeko eta bizigarritasuneko etxebizitzen araudi teknikoa beteta. Besteak beste, honako eremu hauek arautuko dituzte: kalifikazioa, prezioak, errentak, lurzoruaren eta urbanizazioaren gehieneko kostuek dagokioen ehunekoa eta esleitzeko modua. 

Ordenantza eratzeko prozesu honetan zehar, herritarrek euren iritzia plazaratzeko aukera izango dute. Horretarako, udalak parte hartze prozesu bat ipini du martxan partehartu.durango.eus atarian. Durangarrek martxoaren 5era arteko epea izango dute iritziak eta ekarpenak modu horretan egiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!