Durangoko Udalak Euskadiko Enpleguaren Ituna sinatu du

Aitor Ruiz 2024ko ots. 2a, 11:11

Itun honen helburua gaur egungo eta etorkizuneko lan-arloko erronkak mahaigaineratzea da.

Mireia Elkoroiribe alkateak eta Jesica Ruiz alkateordeak Bilbon sinatu zuten ituna eguaztenean. 2024an udalak enplegu plan bat martxan jarriko du lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituztenentzat eta komunitatearen aldeko lanak egin ditzaketen kolektiboentzat.

Itunaren oinarriak ekonomiaren eta lan-diagnostikoaren baitan daude, hala nola, enpresa-sarearen sendotasunean eta lan produktibitatean. Gainera, hiru erronka daude: jarduera-tasa txikia, sektore
jakin batzuetako langabezia eta kualifikazio-beharra. Enplegu duina bermatzea du helburu eta berdintasun-baldintzak, jarduera ekonomiko lehiakorra, jasangarria eta arduratsua sustatuko ditu. Hori guztia bost ardatzetan oinarrituko dute: bizitzan zehar prestakuntza garatzea, belaunaldien ordezkapena kudeatzea, aukera-berdintasuna sustatzea, jarduera ekonomiko lehiakor eta iraunkorra garatzea eta enpleguaren kalitatea eta lehiakortasuna helburu dituen lan-harremanen eredua bultzatzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!