Durangoko EH Bilduk, EAJk, PSE-EEk eta Herriaren Eskubideak palestinarren kontrako genozidioa salatu dute

Anboto 2024ko ots. 1a, 15:59

Palestinaren aldeko horma irudi bat Durangoko Montevideo kalean.

Otsailak iraun bitartean Palestinako bandera udaletxeko balkoian egongo da ikusgai.

Durangoko alderdi politikoek adierazpen instituzional bat adostu dute Palestinan gertatzen dabilen gerra giroaren harira. Testua EH Bilduren, EAJren, PSE-EEren eta Herriaren Eskubidearen adostasunagaz irakurri zuten, atzo, osoko bilkura hasi baino lehenago. Alderdi Popularrak, aldiz, ez zuen irakurketagaz bat egin.

Testuan, zehar honako hauek jaso zituzten: “Durangoko bonbardaketaren herria gara, eta badakigu zer gertatzen den hegazkinetatik hirietara, jendearengana, botatzen direnean. Gatazka armatuek eta mehatxupean bizitzeko beldurrak zer suposatzen duten ere badakigu. Biztanleria zibila, inoiz helburu militar izan ezin dena, blokeatuta dago duela urte batzuetatik, eta mundu osoko aire zabaleko kartzela handiena deitzen dute bertan, biktima horien artean adingabe diren kopurua, ikaragarria da: Urriaren 7tik, 25.000 palestinar hil dituzte, horien artean 10.000 haur, eta 60.000 zauritu. Dagoeneko 78.000 hil dituzte 1948tik. Ezin dugu onartu. Ezin gara isilik egon genozidio honetara; presazkoa da su-etena behartzea".

Hori guztia dela eta, lau alderdi politikoek zazpi punturekin osatutako adierazpen hau plazaratu zuten:

  1. Erabat deitoratzen dugu eta erabat arbuiatzen ditugu palestinar eta israeldar pertsona zibilen hilketa guztiak.
  2. Palestinako herriari buruz egiten ari den genozidioa salatzen dugu.
  3. Berehalako su-etena exijitzen diogu Israelgo estatuari eta Hamasek bahitu guztiak askatzea.
  4. Laguntza humanitarioa etengabe eta murrizketarik gabe sartzea eskatzen dugu, palestinarrek ura, elektrizitatea, erregaia, elikagaiak, botikak eta bizitzarako funtsezkoa den guztia eskuratzeko aukera izan dezaten.
  5. Eusko Jaurlaritzari eta kasuan kasuko portuko agintariei eskatzen diegu euskal portuen erabilera bertan behera uztea, Israelera edo beste gerra gatazka batzuetara armak, lehergailuak eta abar bidaltzeko.
  6. Espainiako Gobernuari eskatzen diogu indarrean dagoen Nazioarteko Legedia betetzeko eta betearazteko duen betebeharraren arabera joka dezala. Era berean, aktiba ditzala bere esku dauden mekanismo diplomatiko guztiak gatazkaren bilakaera okerrera ez jotzeko eta bizitza errugabe gehiago ez galtzeko, eskualdearen bakearen, justiziaren, segurtasunaren eta egonkortasunaren aldeko konpromiso sendo batean.
  7. Hilabete batez Palestina bandera udaletxeko balkoian jartzea erabaki da.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!