"Herriarentzat izanik, denok dantzatzeko modukoa behar zuen Surrandien Dantzak"

Anboto 2024ko ots. 3a, 10:00

Aurten 25 urte bete dira Kriskitin dantza taldeak Surrandien Konpartsa sortu zuela, eta, urteurrena ospatzeko, Surrandien Dantza plazaratuko dute lehenengoz. Jose Mari Bastidak sortu du musika, eta Jaione Fernandez de Retanak (Durango, 1985) eta Oier Sarobek ipini diote koreografia, Aritz Lasargurenen laguntzagaz. Oraindino badago aukera ikasteko: domekan, 12:00etan, Kriskitinek Merkatu Plazan duen lokalean. Surrandiek Tabira musika bandagaz eta Jaizaleko txistulariekin irtengo dute, Hartza lagun dutela.

Zelan doaz prestaketak? 
Gabon aurretik hasi ginen lanean. Izan ere, urte berezia dugu hau, 25 urte beteko direlako Surrandien Konpartsa sortu zela, eta, urteurrena ospatzeko, Surrandien Dantza sortu dugu.

Zelan sortu zen ideia?
Badugu ezaguna den gure doinua, gure kanta. Pauso batzuk ere ipini genizkion 20. urteurrenean, baina beti igarri dugu dantza baten falta. Saiakerak egin diren arren ez da lortu, doinua apur bat konplikatua delako herritarrek dantzatu behar dituzten pausoak sortzeko. Baina beharrezko ikusten genuen Surrandien Dantza sortzea, eta Marisa Barrenak eta Juan Antonio Aromak dena martxan ipini eta Jose Mari Bastidari pieza berri bat sortzeko eskaria egin zioten. Ondoren, pausoekin hasi ginen. 

Zer hartu duzue kontuan?
Batetik, doinuak barruan eragiten diguna. Horixe delako Surrandia. Maskara ipinita, abarkak jantzita eta arranak eskuetan, gu desagertu eta gure surrandi izaera agertzen da. Horrek emandako indarragaz egiten duguna islatu gura izan dugu. Bestetik, gureak, Durangaldekoak diren pausoak erabiltzen ahalegindu gara. Erraz irten zen dena. 

Edonork dantzatu dezake?
Bai, herriarentzako dantza izanik, denok dantzatzeko modukoa izan behar zuen, eta dantza erraza egiten ahalegindu gara, edonork dantzatu ahal izateko. Jendeak gogotsu hartu du, baina ikasteko ardura apur bategaz. Bideoa zabaldu dugu Youtuben, ikasteko, baina dantza tailerra ere antolatu dugu.

Inauterizalea zara?
Surrandizalea naiz. Konpartsa sortuberri sartu nintzen ni, eta, urteak aurrera, geroago eta gehiago gozatu izan dut. Gureak, Euskal Herriko inauteriak gustatzen zaizkit, magia itzela dute. Baina ez ditugu ezagutzen. Ezagutu ahala hainbat gauzaren jatorriaz ohartzen zara, eta horrek gure sustraietara eramaten gaitu. Horrek plazer handia ematen dit, eta zenbat eta gehiago ikasi orduan gehiago jakin gura dut. 

Surrandiak geroago eta errotuago daude Durangon. 
Urterik urte ibili gara eta ondo egindako gauzek fruitua ematen dute. Gainera, pandemiaren ondoren aldaketa handia egon da, asko zabaldu dira. Orduan, elkartzeko gogo handia zegoen, zerbaiten parte izateko gogoa, eta Surrandietan nabarmen igarri zen. Harrera itzela izan zuten, eta oraindino badute. Konpartsak 150 bat lagun batzen ditu.

Beste ezer gehitu gura zenuke?
Pandemiaren ondoren, batez ere nagusiei egin genien parte hartzeko deia. Eurek erakutsi digute dakiguna, berreskuratze lan guztia eurena da, eta haiengandik gaude hemen. Orain, gazteengana zuzendu gura dugu, maskara ipini eta transformatu daitezela, disfrutatu dezatela. Surrandiak basatiak eta zirikatzaileak dira. Zoramena dira! 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!