Durangon egiten zabiltzate entseguak.
Arantza Arrazolak eta biok orain urte asko ezagutzen dugu elkar, Topaklownen garaitik; hartu-eman handia dugu, eta, egia esateko, programatzaile legez ere asko babestu nau. Aurreko lana ere, ¡Ahora!, bertan aurkeztu nuen, eta kalean ere antzeztu dut. Lan honegaz hasi nintzenean, telefonoz deitu nion, eta lagunduko zidala esan zidan. Egutegia egiterakoan, non entseatu bilatzen ibili ginen, eta hasieran Garaion eta gero hemen entseatzeko aukera izan dugu; aste bian bertan izango gara.
Topaklownek mapan ipini zuen Durango?
Topaklown enblematikoa da eta babes handia egon da beti. Estatuan, hona etorri den jende askok ez zekien non zegoen Durango Topaklownen aurretik; kanpoko jende asko etortzen zen, eta apurka-apurka Durangoko jende gehiago etortzen hasi zen. Errotu den ekimena dela esango nuke, eta Clowningaren erreferentziazko gune bihurtu da. Bertakoek bazekiten urteko momentu batean umorea batzen zena, barre egiteko ikuskizunak zeudena... Azokaren antzera. Klown eta Durango hurbil egon dira, baita umorista, pailazo eta antzezleentzat ere. San Agustinek gauza asko programatzen du, Durangok antzerki eskaintza aberatsa du, eta areto legez ere oso polita da. Arantzak aukerak ematen ditu, beragaz berba egin dezakezu, aholkuak ematen dizkizu... Niretzat pertsona garrantzitsua da.
Nondik dator Susto?
Orain urte bi inguru izan nuen ideia buruan. Hasieran zirriborro bat zen, baina gerora nahiko aldatu da. Beldurrari buruz berba egiteko gogoa nuen. Nik beldur asko ditut, jende gehientsuenak lez esango nuke, baina bueno, pertsona batzuk beldurtiagoak gara edo buelta gehiago ematen dizkiegu kontu batzuei. Eta horri buruz berba egiteko gogoa nuen. Nik beldur asko izaten ditudanez, horiek gainditzeko erronka bultzakada bat izaten da askotan, eta hori positiboa da niretzat, beldur horiek gaindituta erronka ere gainditzen dudalako. Prozesuan, baina, umorea edukiko banu, prozesu horietan ez nuke hainbeste sufrituko. Horregaitik, prozesu horietan barre egin ahal izatea gustatuko litzaidake. Orain, adibidez, jendaurrean erakutsiko dugu, eta kaka eginda nago; beraz, ikasitakoa praktikan ipini beharko dut eta barre apur bat ere egin beharko dut, baina beldurra hor dago. Nire hasierako ideia hori litzateke, zelan berba egin dezakegun gure beldurrei buruz, eta horietaz barre egitea; azken finean, pailazoek gaitasun hori dute, emozionalki arriskutsuak edo delikatuak diren gaietara hurbiltzeko eta horietaz barre egiteko erraztasuna dute.
Horrez gainera, Pablo Ibarluzeagaz aurreko lanerako ere lan egin nuen, baina oraingo honetan jende gehiagogaz ere lan egin gura nuen. Inoiz egin dudan proiekturik anbiziotsuena ere bada. Lau aktore izan gara, zuzendari bi gara, eta lantaldea ere nabarmen hazi da beste proiektu batzuekin alderatuta.
Beldurra oso aktuala ere bada.
Bai, hala da. Polita izan da zelan sortu den prozesu guztia beldurrari buruz berba egiteko nahi horretatik. Edozer egiteko beldurra dago, arriskua dago. Kuriosoa da proiektu bat martxan ipini eta hasierako iruditik zelan zaramatzan beste norabaitera. Egin ahala, hainbat kontuk forma eman diote, eta ez da bakarrik beldurrari buruz berba egiten dela. Konpainia osatzen duten pailazoak oso hurbilekoak dira eta euren eguneroko arazoak eta antzerkigintzak eduki ditzakeen hutsuneak ikusten dira, industria arazoak adibidez.
Cia Maite Guevaran hainbeste jendegaz lan egin duzun lehenengo aldia da.
Bai, askotan lan egin dut jende gehiagogaz, beste konpainia batzuentzat; Txileko zirkuan, adibidez, edo Malas Compañiasegaz, Prozaken, eta beti pasatu dut ondo horrelakoetan. Normalean, bakarrik lan egiten dut. Gozatu egiten nuen, sortze lanean, antzezterakoan, eta gero ere bai. Aurrerantzean bakarrik ere egingo ditut gauzak, baina gogoa nuen taldean zeozer egiteko.