Adinekoen bidaia Florentziara eta Cinque Terrera, Mankomunitatearen eta Durangoko Udalaren eskutik

Ekaitz Herrera 2024ko ots. 1a, 14:16

Mankomunitateak 10 urte daramatza adinekoen gozamenerako nazioarterako bidaia kulturalak antolatzen. Aurten ere antolatuko dute bidaia, Italia aldera, maiatzaren eta ekainaren bueltan. Durangarrek orain arte ezin izaten zuten bidaia horretan parte hartu. Baina hemendik aurrera bai, Durangoko Udalak eta Mankomunitateak lankidetza egin dute-eta.

Mankomunitateko adinekoen zerbitzuak bidaia kultural bat antolatu du instituzioaren zati diren eskualdeko udalerrietako edadetuentzat. Maiatzetik ekainera bitartean Italiako Florentzia eskualdea eta kostaldeko Cinque Terre herria ezagutzeko lau bidaia antolatuko ditu. Asko jota 200 herritarrek parte hartu ahalko dute bertan, eta eskainitakoak baino eskari gehiago egiten badira, orduan, lekuak zozkatu beharko dituzte. Izena emateko aukera zabalik dago gaurtik otsailaren 15era arte. Durangarrek adinekoen zerbitzura joan beharko dute izena ematera. Gainerako udalerrietako kideek, berriz, Elkartegira, Mankomunitatearen egoitzara. Idoia Otaduy Mankomunitateko presidenteak azaldu du egitasmo honek "zahartze aktiboa" sustatzea duela helburu: "Eskualdeko udalerrietako adinekoen arteko hartu emanak, bizikidetza, handitzen joan gura dugu", azaldu du goiz honetan.

Honako hau ez da programa berria. Hamar urte daramatza martxan. Baina edizio hau berrituta dator, aurten lehenengo aldiz, durangarrek ere parte hartu ahal izango dutelako bertan. Mireia Elkoroiribe alkateak aitortu du "bai udaletxean eta bai Mankomunitatean, askotan entzun behar izan dituela honako galdera honen antzerakoak: eta guk, durangarrok, zergatik ez?". Bada, aurten, instituzio bien lankidetzari eskerrak, durangarrek ere izango dute bidaian parte hartzeko aukera. Orain arte eskainitako plaza kopurua bikoiztu dute. Horrenbestez, eskaintzan ipiniko diren 200 lekuetatik erdiak durangarrentzat izango dira. Gainerako 100 lekuak, berriz, Abadiñoko, Berrizko, Durangoko, Elorrioko, Garaiko, Iurretako, Izurtzako, Mañariko, Otxandioko eta Zaldibarko adinekoentzat izango dira.

Bai Otaduyk eta bai Elkoroiribek herritarrak animatu dituzte izen ematera.

Bidaiaren ezaugarriak:

Bego Uriarte Mankomunitateko adinekoen zerbitzuko teknikaria da. Zehaztu duenez, 200 lagunentzako lekua egongo da gehienez ere, eta leku horiek guztiak lau bidaiatan banatuko dituzte. "Bidaietako plangintza guztiak berdin-berdinak izango dira. Egonaldiak astebete, sei gau, iraungo ditu ,eta bidaiariak gida batekin lagunduta egongo dira une oro. Interesdunek 60 urte baino gehiago izan beharko dute, eta Mankomunitateko udalerrietan egon beharko dute erroldatuta, otxandiarrak barne". Bidaia hau Uriartek eta Marisa Bouzas lankideak antolatu izan dute urtero-urtero. Aurten, Durangoko Udaleko Argiñe Larreategi ere batu da lankidetzara.   

Izena emateko baldintzak:

Bidaia antolatzeaz eta kudeatzeaz Mankomunitatea eta Durangoko Udala arduratuko diren arren, horrek ez du esan nahi interesdunak debalde bidaiatu ahal izateko aukerarik izango duenik. Antolatzaileek argitu dute bakoitzak 1.470 euro ordaindu beharko dituela. Izen-emateak banakakoak zein taldekakoak izan daitezke eskualdeko hainbat udalerritako pertsonekin. Hau da, eskera berean, gehienez, lau pertsona aurkeztu ahal izango dira, baina kontuan hartu behar da multzokako eskaera horrekin zozketa bakarra egingo dela. Inskripzio hirukoitzean edo laukoitzean Durangoko pertsona gehiago daudenean, horiek beren udal-eremuan egin beharko dute eskaera, eta gainerako udalerrietakoak badira, Mankomunitateko Adinekoen Zerbitzuan egin beharko dute. Bidaia bakoitza honela banatuko da beti: Durangoko adinekoen %50 eta Durangaldeko gainerako udalerrietako adinekoen %50 (betiere irteera bakoitzean onartzen den gela-kopuruaren arabera).

Mankomunitateko izen emateak 946200546 telefonoan egin daitezke. Zozketa otsailaren 19an egingo dute San Agustin Kulturgunean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!