Atzo udalbatzarra egin zuten Durango udaletxean. Bertan PPk mozio bat aurkeztu zuen. Mozio horrek helburu zehatz bat zuen: Durangoko Udalak Osasun Sailari anbulantzia medikalizatu bat jartzeko eskatzea. "Herritarren partetik ia erabateko adostasuna dago anbulantzia medikalizatuaren beharrezkotasunaz eta bizitzak salbatzen ditu", azaldu zuen PPko Carlos Garcia zinegotziak.
Durangok, Durangaldeak eta Bizkaiak behar duten zerbitzua dela esan zuen. "Arabak hiru anbulantzia medikalizatu ditu 400.000 biztanlerentzat; Gipuzkoak lau, 600.000 biztanlerentzat eta Bizkaiak lau, 1,2 milioi biztanlerentzat. Argi dago Bizkaian gabezia nabarmena dagoela eta, bereziki, Durangon. Gernikako anbulantzia etorri behar izaten da eta inoiz, Arrasatekoa". Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioa ere mahaigaineratu zuen argudio moduan. "75.000 eta 125.000 biztanleren artean anbulantzia medikalizatu bat gomendatzen du".
Mozioa PP, PSE-EE eta EAJren aldeko botoekin onartu zuten.
Herriaren Eskubidearen mozioa
Herriaren eskubideak mozio alternatibo bat aurkeztu zuen. Mozio horrek anbulantzia medikalizatua ez ezik, osasun arloan Durangon dauden "beste beharrizan garrantzitsu batzuk" ere jasotzen zituen. Jorge Varela zinegotziak zerrendatu zituen: hala nola, datozen hiru hilabeteetan beharrezkoak diren familia medikuak eta bestelako profesionalak kontratatzea Landakoko osasun zentrorako, baimen, lizentzia, jubilazio eta baja guztiak estaltzea bermatuz; pediatria zerbitzua 20:00ak arte zabaltzea edo psikologia, psikiatria eta osasun mentaleko zerbitzuak indartzea, besteak beste.
Mozio honek Herriaren Eskubidearen eta EH Bilduren aldeko botoak jaso zituen eta ez zen aurrera irten.