'Eskola Bideak' egitasmoa hasiko dute Durangon, umeei ikastetxeetarako ibilbideetan laguntzeko

Anboto 2024ko urt. 29a, 08:00

Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako ikasleei zuzendutako lau ibilbide dira, begiralez lagunduta egongo direnak. Helburuen artean eskolarako bidean ikasleen segurtasuna bermatzea eta ikastetxeetako inguruetan trafikoa gutxitzea daude. 

Durangoko Udalak, herriko ikastetxeek eta Txirringaeskolan elkarteak Eskola Bideak egitasmoa hasiko dute, "eskola mugikortasun aktibo, iraunkor eta autonomoa" sustatzeko. Programa berria Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako ikasleei zuzenduta dago eta otsailean ipiniko dute indarrean. "Egitasmoaren helburua ikasleei ikastetxeetara joaten laguntzea da. Joan-etorriko lau ibilbide identitikatu eta seinaliztatu, eta hiru ordutegi markatu ditugu: irteera, ibilbide erdia eta amaiera", azaldu du Asier Perugorria Hezkuntza zinegotziak. Besteak beste, eskolara autoz hurbildu behar izaten dutenek ikastetxe inguruan sor dezaketen trafikoa murriztea da egitasmoaren helburuetako bat.

Proiektua begiraleen laguntzagaz garatuko dute. Lau monitore egongo dira, ibilbide bakoitzeko bat. Ibilbide bakoitzaren abiapuntuan (A puntuan) izango dira irteera orduan (8:30), handik eskoletako atarira joateko. Erdibidean B puntua igaroko dute. Hantxe ere egongo dira zain bost minutuz. Azkenik C puntura, helmugara ailegatuko dira 9:00etarako. Bueltarakoan ere lagunduko dute. Begiraleak 16:30etan joango dira ikastetxeetara, eta bost minutuan egongo dira han zain, bidean aurrera egin aurretik. Gutxi gorabehera 16:55ean iritsiko dira itzulera bidearen bukaerara.

Lau ibilbideak Interneten ikusgai

Egitasmoaren bultzatzaileek Google Maps euskarrian ipini dituzte ibilbideak ikusgai. Honako hauek dira:

  1. Eskola Bidea: Frantzisko Ibarra (Mikeldi) - Magdalena Plaza - Ermodo - Ezkurdi - Herriko Gudarien Kalea - Bruno Maurizio - Sanrokebide - Zabalarra ikastetxea. (Ibilbidearen lotura hemen).
  2. Eskola Bidea: Zumar-Hegoaldeko etorbidea izeneko biribilgunean hasiko da, eta Arriluzea-Intxaurrondo-Komentukalea - Pablo Pedro Astarloa- (Sorgin taberna) - Landako-Landako Ikastola igaroko ditu (Ibilbidearen lotura hemen).
  3. Eskola Bidea: Hasiera Nafarroa plazan izango da eta parte-hartzaileak Zeharmendia-Kurutziaga-Komentukalea Zeharkalea-Bruno Maurizio-Sanrokebide ibiliko dira Zabalarra Ikastolara iritsi arte. (Ibilbidearen lotura hemen)
  4. Eskola Bidea: Alluitz-Fray Juan de Zumarragan izango du hasiera eta Alluiz-Sasikoa-Ezkurdi Plaza -Herriko Gudarien-Bruno Maruzio Zeharkalea-Komentukalea-San Frantzisko kalea-San Antonio Ikastetxea zeharkatuko ditu. (Ibilbidearen lotura hemen).
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!