Jaitsiera ozta-ozta ekiditetik, igoera postuan egotera igaro da Mendibeltz

Joseba Derteano 2024ko urt. 26a, 11:49

Mendibeltz areto futbol klubeko aurtengo taldea. Mendibeltz

Durangoko Mendibeltz areto futbol taldea ezustekoa ematen dabil Lehentasunezko Mailan. Iaz ozta-ozta ekidin zuen jaitsiera, azken-aurreko jardunaldian, baina aurten, lehenengo itzulia amaitzear dagoenean, kluba igoera postuan dago. Klubaren historian lehenengoz —2005an sortu zen—, Ohorezko Mailara igo daiteke, Bizkaiko kategoriarik handienera.

Mikel Rodriguez kapitainaren esanetan, taldeko "giro ona" da martxa onaren arrazoi nagusia. Sakonago aztertuta, izen propioak ere nabarmendu daitezke. Esaterako, Rodriguez bera, Iker Sarriugarte eta Ian Blanco. Taldeko goleatzaile nagusiak dira, hamar, bederatzi eta zazpi golekin, hurrenez hurren. Azken izen biak nobedadea dira taldean: Sarriugarte futboletik dator eta Blanco areto futbolera bueltatu da. Hala ere, Rodriguezek azpimarratu du taldeko jokalari asko dabiltzala fin ate aurrean, iaz ez bezala. Horrela, mailako hirugarren talderik goleatzaileena dira, 14 partidutan 45 sartuta. Mendibeltz golik gutxien jaso duen hirugarren taldea ere bada, eta, arlo horretan, Cledor Diatta atezainaren lana nabarmendu beharra dago. 20 urteko gaztea iaz batu zen taldera. Aurretik, federatu mailan nahiz atezain postuan jokatu barik zegoen, baina ez zen kokildu. Urtebetean "asko" hobetu du taktikoki, eta gainerakoa berezkoa du, "sekulako erreflexuak" ditu eta.

Klubaren 20. urteurrena Ohorezko Mailan ospatzeko aukera badago egon, baina Rodriguezek dio ez dutela horretan larregi pentsatzen: "Gozatzeko gabiltza areto futbolean, eta horretan ahalegintzen gara astebururo, ondo pasatzen".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!