Gorputz txiki batean jaio nintzen ipuin bat izan behar zen, ezta?
Ipuin pedagogiko bat izan behar zuen. Garai hartan, Urtxintxa Eskolan hezkidetza ikasten nenbilen eta bertarako egitea zen nire asmoa. Gero, Durango Sor(tzaileen)leku beka lortu nuen, eta lanean sakondu ahal izan nuen horrela. Zerbait poetikoa egin gura nuen, jolasetik ere sortua, eta gauzak zalantzan ipintzea prozesuan.
Zergaitik deitzen da Gorputz txiki batean jaio nintzen?
Unibertsala delako. Denok gorputz txiki batean jaiotzen gara. Eta zer izan behar dugun esaten digute gero; genero bat esleitzen digute, eta itxuragaz berdin, edertasun kanon batzuetara moldatu behar dugu. Hortik hasten naiz, mundu guztiari pasatzen zaion gauza bat delako. Batzuk ondo harremantzen dira esleipen horiekin, eta beste batzuk ez. Kasu honetan, protagonista pertsona ez bitar bat da, transa, eta ez da egokitzen ez neska generoan ez mutil generoan. Zer izan behar duzun esaten dizute, baina zu ez zara moldatzen horretara, eta hor ibilbide bat hasten da.
Adin guztietarako moduko irakurketa da?
Hamabi urtetik gorakoentzako eleberria da, irakurtzeko erraza. Hainbatean, egunerokotasunean oinarritzen da. Ez da saiakera bat, eta ez du teorizatzen, baina egunerokotasun batetik bai politizatzen du. Egunerokoan gertatzen den gauza tipiko asko ipintzen da zalantzan; eta sorpresa asko ere badago: desioak, ametsak, abenturak... Oso gizatiarra da, oso humanoa. Sarri, politizatzen denean teoriara jo ohi dugu; euskal kulturan, adibidez, badaude transfeminismoaren inguruko teoriak, edo soziologiatik landurikoak, baina nik lurrera ekarri eta egunerokotasunera jo gura nuen. Euskal kulturan gu zelan kokatzen garen erakutsi gura nuen, ez delako erraza. Horregaitik jotzen dugu askotan kanpora trans kulturaren bila. Apur bat gordin esanda, euskal kultura transexualizatu gura izan dut, gure lekua egitea hemen.
Euskal literaturan trans literatura gabezia dago? Ala orokorra dela esango zenuke?
Hiru urtez Bartzelonan bizitzen egon nintzen. Orain beste hile batzuk daramatzat han, eta han gehiago dagoela esango nuke. Uste dut Euskal Herrian gabezia dagoela, eta aktibismoa plazeretik bizitzea falta dela ere esango nuke. Militantzia garrantzitsua da, jakina, baina kultura ere garrantzitsua da. Gabezia badago egon, baina geroago eta lan gehiago ere bai, eta horregaz oso pozik nago. Orokorra dela esango nuke, baina Euskal Herrian oraindino gehiago.
Testuak ez ezik, liburuko irudiak ere zeuk egin dituzu.
Bai, niretzat lan potoloa izan da. Ez da erraza izan eta horregaitik ere banago pozik. Txikitatik egin gura nuen gauza bat da, eta lortu dut. Eskerrak eman gura dizkiot Durangoko aurreko udal gobernu taldeari, beka emateagaitik. Laguntza horri eskerrak neure burua prest ikusi dut, eta jolasetik idatzi ahal izan dut. Atal batzuk, beharbada, amorrutik idatzi ditut, eta zer sartu eta zer ez erabaki behar izan dut.
Marrazkiek erraztu egiten dute irakurketa, eta niri ere errazten didate idaztea. Idazten dudanean, irudiak idazten ditut. Gehiago kostatzen zait idaztea. Liburu honetan, Ane Argoitia zuzentzaileak lagundu dit. Asko lagundu dit, izan ere, nik irudiekin pentsatzen dut eta laguntasuna behar izan dut gramatika zaintzerako orduan. Eleberriak marrazki gehiago izango zuela uste nuen, baina horrela irten zait. Hurrengo lana komiki bat izango delakoan nago. Denonartean argitaletxeagaz kaleratu dut eta jende askok uste zuen eleberri grafiko bat dela, baina ez, hau apur bat klasikoagoa da, eleberria da, ilustrazioekin.
Beka jasotzeak lagunduko dizu sortzaile legez.
Ez da erraza liburu bat ateratzea, eta beste lan batzuekin uztartu behar izaten duzu, gainera. Baina, egia esan, horrelako laguntzekin denbora gehiago atera dezakezu sorkuntzarako. Sortze prozesua kudeatzen laguntzen du.
Hemendik aurrera, zer bide edukiko du liburuak?
Batez ere, trans gazteek irakurtzea gura nuke. Kultura mordoa dago, baina gatx da identifikatu zaitezkeen pertsonaiak aurkitzea. Trans pertsonaiek kulturan protagonismo gehiago izatea gura nuke, baita euskal kulturan ere, jakina, trans irakurleek euren burua identifikatuta ikusi dezaten. Hori oso garrantzitsua da, gazte trans asko galduta dagoelako, eta askotan kulturara jotzen da hori betetzeko. Beraz, oso ondo dago erakustea, euskal kulturagaz ere gozatu dezakegula eta gure abenturak bizi ditzakegula.