"Pasodobleak, balsak eta halakoak jotzetik errepertorio zabalagoa eta erakargarriagoa izatera pasatu gara"

Aitziber Basauri 2024ko urt. 28a, 10:25

Tabira Musika Bandan 25 kide dira gaur egun. Kiderik gazteenak 16 urte ditu, eta nagusienak ia 80. Josu Otxotorena (Iruñea, 1961) eta Lorena Rodriguez (Durango, 1976) dira horietariko bi. Josuk tronboia, gitarra, saxofoia eta bombardinoa jotzen ditu. Lorenak klarinetea eta pianoa. Inauterietako Surrandiekin dute hurrengo hitzordua. Oso giro polita sortzen dela esan dute.

Durangoko Tabira Musika Bandak ibilbide luzea du. 
Josu Otxotorena: 1995ean musika banda elkarte bihurtu zen, eta jarduteko beste era bati ekin zitzaion. Baina aurretik ere ibilbide luzea zuen egina. Baditugu argazkiak 1880 ingurukoak, Bartolome Ertzilla zuzendari zela. 

Zenbat urte daramatzazue Tabiran?
Lorena Rodriguez: 1989an hasi nintzen, 13 urtegaz, aititagaz. 10 bat urte egin nituen bertan, Eibarko bandara joan ginen arte. 12-13 urte dira barriro Tabira Musika Bandan hasi nintzela.
J.O.: Durangora etorri nintzenetik, 20 urte. Musika oso errotuta egon da gure familian. Anaietariko bat musika irakaslea da eta semeagaz Iruñeko La Pamplonesan jotzen du; beste anaiak saxofoi ikasketak ditu. Aitak, bestalde, eskusoinua jotzen zuen, autodidakta zen. Ni neu ere bai. 

Bandak bilakaera handia izan du?
J.O.: Geroago eta gazte gehiago dago, gutxi diren arren, eta kudeaketa ere aldatu egin da. Gainera, hainbat zuzendari izan dugu eta bakoitzak bere estiloa eta zuzentzeko modua ekarri ditu; baita bere errepertoria ere. Alde horretatik ere bilakaera handia izan da. Pasodobleak, balsak, zarzuelak eta halakoak jotzetik, errepertorio zabalagoa eta askoz ere erakargarriagoa izatera pasatu gara. 
L.R.: Musika banden funtzioa aldatu egin da. Lehen, dantzarako musika jotzea zen helburua; ondo pasatzeko modu bakarra zen eta zuzendariak garrantzi handia zuen. Orain ez dira beharrezkoak eta ez dira dantzatzeko musikara mugatzen.
J.O.: Egungo banda ez da Ezkurdiko kioskoan sartzen. Instrumentuak aldatu egin dira; tinbalak eta bonboak, adibidez, askoz ere handiagoak dira, eta musika tresna berriak sartu dira: xilofonoa, fagota, laminak, bateria... Bakoitzak bere ekarpena eginez, soinua borobiltzen dute. 

Zelan ikusten duzue bandaren etorkizuna?
J.O.: Elkarteen etorkizuna nahiko ilun ikusten dut orokorrean. 
L.R.: Geroago eta okupatuago gaude, indibidualistagoak gara. Eta umeek dena behingoan gura dute, momentuan bertan. Musikan hori ezinezkoa da. Gainera, ahalegin bat eskatuz gero utzi egiten dute. Ez denek, baina badago horretarako joera bat. Hala ere, ez naiz hain ezkorra.
J.O.: Gazteek entzuten duten musikak ez du zerikusirik bandan jotzen denagaz. Teknologia berriekin ez da musikaririk behar, gainera. Gatx da gazteak erakartzea, baina eutsi egingo diogu, ateak zabalik. 

Lorena, zelakoa da zuzendari lana?
L.R.: Oso sentsazio polita da denok batera jotzea, eta kasu egiten dizutenean ezin hobeto doa. Asko disfrutatzen dut kontzertua, baina egun hori heldu arte txarto pasatzen dut, lan handia eskatzen du.

Bereziki gogoan duzuen kontzerturen bat?
J.O.: Andres Granadosen oroimenez emandakoa. Jaietan txupinero izan ginenekoa ere gogoan dut.
L.R.: Bartolome Ertzillaren omenez Vanesa Goikotxeagaz eta Andeka Gorrotxategigaz emandakoa gehituko nuke. Pandemiaren ondorengo Surrandien lehenengo kalejira ere magikoa izan zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!