Familia ereduak dira Metrokoadroka kolektiboaren Zeozertan dabil baina ez dakit zertan lanaren ardatza. Euren berbetan, "sit-com komedia eta poesia bisualaren arteko antzezlana" osatu dute. Maite Aizpurua, Edurne Azkarate eta Javier Barandiaran aktoreek parte hartzen dute lanean, eta ikusleak antzezlanak aurrera egin arte ez du jakingo zein den hiruren arteko hartu-emana. Antzerkiak irauten duen 75 minutuetan zehar, "eta gu, familia bat gara?" galdetuko diote elkarri. Zuzendari artistikoak Marina Suarez eta Oier Guillan dira.
2022ko udaberrian eginiko hiru egonalditan garatu zuten sortze prozesua, eta Azpeitiko Antzerki Topaketetan estreinatu zuten Zeozertan dabil baina ez dakit zertan. Metrokoadroka kolektiboa lan hau aurkezteko biran murgilduta dago, eta maiatzean Zornotza aretoan ikusteko aukera egongo da.