Durangoko Udalak Landa Guneko jolas librerako espazioa irekiko du datorren asteko asteartean

Anboto 2024ko urt. 25a, 11:10

Jolas librerako gunearen irudia. (Argazkia: Durangoko Udala)

Gunea sei urtera arteko umeentzat eta haien familientzat da eta apirilaren 21era arte egongo da zabalik

Durangoko Udalak haurrentzako jolas librerako espazioa irekiko du hirugarren urtez Landako Guneko moduluetako batean. Apiril erdira bitartean epealdi bitan zabalduko dute: datorren asteartetik —urtarrilaren 30— otsailaren 18ra eta, Aste Santuaren ondoren, apirilaren 8tik 21era.

Egun horietan, jolas librerako gunea astelehenetik igandera egongo da zabalik, 16:00etatik 20:00etara, sei urtera arteko umeei zuzendutako jokoekin. Edozelan ere, adin nagusiagokoak ere sartu ahalko dira gunera. "Udalak alternatiba bat eskaini nahi du, batez ere eguraldi txarreko egunetan. Zerbitzu zaindu eta seguru hori erabilgarri egongo da, baldin eta ekitaldiren bat egiteak eragozten ez badu. Zentzu honetan, 40 Minutu Rock, merkataritza-azoka edo Berdeago bezalako ekitaldietan ezingo da espazio hori erabili", azaldu dute udal arduradunek ohar batean.

Aurreko urteetan 18.000 pertsona inguruk erabili dute gune hau, udaleko datuen arabera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!