Durangoko Udalak psikobonuen edizio berri bat hasi du

Anboto 2024ko urt. 22a, 13:55

Bonuak urte osoan zehar erabili ahalko dituzte 14 eta 35 urte bitarteko durangarrek. Bakoitzak hamar bonu eskuratu ahalko ditu gehienez. Edozelan ere udalak txartelak "arduraz eta enpatiaz" erabiltzera deitu du, "ez baitago horiek agortzeko arriskurik". 

Durangoko Udalak iaz hasitako psikobonuen kanpainari segida ematea erabaki du. Gaurdanik, 14 eta 35 urte bitarteko durangarrek zabalik dute txartelak eskatzeko aukera. Turismo Bulegoan, Herritarrentzako Arreta Zentroan edo bonoa.durango.eus atarian daude eskuragarri. Zerbitzua Bizkaiko Psikologoen Elkargoagaz batera eskainiko dute, Durangoko profesional kliniko eta sanitarioen bitartekaritzagaz. Sesio bakoitzaren kostua 50 euroan definitu dute. Horrenbestez, psikobonua erabiltzen duten gazteek bost euro baino ez dituzte ordaindu beharko. Gainerako 45 euroak udalak ipiniko ditu.  

Bonuak pixkanaka erosteko deia

Gazte bakoitzak 10 bonu erosi ahalko ditu gehienez. Edozelan ere, udalak bonuak "arduraz eta enpatiaz" erabiltzera deitu du, "ez baitago horiek agortzeko arriskurik". Hain zuzen ere, horretan laguntzeko, kanpaina sei hilabeteko iraupenetik urte osoko epealdira zabaldu dute. "Gobernu talde honentzat osasuna eta ongizatea lehentasunezko ardatzak dira, eta programa hau esparu horren barruan kokatzen dugu", adierazi dute Mireia Elkoroiribe alkateak eta Jesica Ruiz alkateordeak. Gazteei begira, "garrantzitsutzat" jo dute "kolektibo horrek arreta psikologiko egokia jasotzea, nahasmendu mentalen erdiak 14 urterekin edo lehenago hasten direlako, baina kasu gehienetan ez direlako detektatzen eta tratatzen. Nerabeen buru-nahasmenduei ez heltzeak pertsonaren bizitzan zehar hedatzen diren ondorioak ditu, eta pertsonaren bizi-kalitateari eta ingurukoei eragiten", gaineratu du Ruizek.

Psikobonuen laguntza hau 14 eta 35 urte bitarteko 6.862 gazteri zuzenduta dago. Herriko biztanleriaren %23ari. Iazko kanpainan 2.222 bonu ipini zituzten zirkulazioan. 1.734 saldu ziren, eta 1.312 erabili. Hain zuzen ere, bonuak erabili barik geratzea saihestu gura du udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!