Askatasun Etorbideko zati bat trafikoarentzat zarratuta gaurtik

Anboto 2024ko urt. 22a, 08:00

San Rokeko saihesbidean dagoen biribilgunea erabili beharko da Aramotz aldera iritsteko. Bestalde, Larrasoloeta kaleko asfaltatze lanak gaur hasiko dituzte. Errei bat zarratu eta ibilgailuen joan-etorria txandaka antolatuko dute.  

Durangoko Udalak jakinarazi duenez, herriko hegoaldeko sarbidea zarratuta egongo da lau astez, Aramotz auzoa berritzeko eta Larrinagatxu erreka bideratzeko helburuagaz. Zehatz esanda, Askatasun Etorbideko zati bat zarratuta egongo da trafikoarentzat. Udalak argitu du tarte horretan San Rokeko saihesbidean dagoen biribilgunetik sartu ahalko dela bertara. "Aramotz auzoa berriztatzeko egiten ari diren berrurbanizazio lanek auzoko bizi kalitatea hobetuko dute, orain arte euriaren eraginez izaten zituzten uholdeak desagerraraziz. Horretarako erreka bideratzen ari da eta drainatze sistema berria ezarriko da”, nabarmendu Lurralde zinegotzi Sara Ocejak. Durangoko Udalak barkamena eskatu du datozen lau asteetan aldaketa horrek herritarrei sor diezazkiekeen eragozpenengatik.

Asfaltatze lanak Larrasoloetan

Larrasoloeta kaleko asfaltatze lanak gaur hasiko dituzte. Errei bat zarratu eta ibilgailuen joan-etorria txandaka antolatuko dute. Obra horiek Montorreta kaleko bidegurutzetik Santasusanoste kaleko bidegurutzeraino egingo dira, urtarrilaren 26ra bitartean. Ocejak berretsi duenez, Larrasoloetako asfaltatze-obrek "nabarmen hobetuko dute ibilgailuen zein oinezkoen segurtasuna, trafiko handia duen eta historikoki eremu segurua izan ez den pasabide batean".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!