Zaporeak proiektuari laguntzeko intsigniak salgai Barandiaran egoitzan

Anboto 2024ko urt. 18a, 16:32

Gobernuz Kanpoko Erakundeak Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat lekutan ipini ditu intsigniak salgai. 20.000 euro batu gura dituzte Lesboseko uhartean (Grezia) errefuxiaturikoei otorduak eskaini ahal izateko. 

Gipuzkoako Zaporeak elkarteak Durangora helarazi du San Sebastian egunaren harira egin ohi duen kanpaina. Elkarteak intsigniak ipini ohi ditu salgai Donostiako danborradaren testuinguruan, euro batean. Eta oraingo honetan, Durangoko Joxe Migel Barandiaran egoitzan ere ipini dituzte salgai. Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat puntutan salgai ipinitakoekin 20.000 euro batu gura dituzte Lesboseko uhartean errefuxiatuta daudenei 20.000 otordu prestatzeko. 

Zaporeak proiektuak 2016an ekin zion lanari, Grezian errefuxiaturiko migranteei otordu duinak eskaintzen. Proiektua Donostiako Intxaurrondo auzoan sortu zen. Sei hilabeteko iraupenarekin jaiotako proiektuak 8 urteko bidea egin du. Zaporeak elkarteak 3.000 otordu eskaintzen ditu egunero Greziako errefuxiatuen artean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!