Karrika antzerki talde durangarrak 25. urteurreneko ospakizun ekitaldiekin jarraitzen du. Urrian Durangoko txosnaguneko txupina jaurti zuten, eta azaroan Gaba Baltzan parte hartu zuten. Zilarrezko ezteiak borobiltzeko, urteurren gala egingo dute bihar, zapatua, 19:30ean, San Agustin kulturgunean. Aurretik, 17:30ean, Santa Ana plazan batuko dira. Urteotan, San Agustin kulturguneagaz hartu eman estua izan du Karrikak, eta horregaitik egingo dute bertan ekitaldia, kalea ahaztu barik. Horrez gainera, galara zilar koloreko zerbait eroateko deia egin dute antzerki taldeko kideek.
Karrika 1998an sortu zen, Durangoko Frai Juan Zumarragako institutuko proiektu batetik. Euskal Antzerkigintzak zuen hutsuneetariko bat betetzeko helburuagaz ekin zioten bideari. "Gazteen sormena bultzatzea, ikuskizunak euskaraz sortu eta plazaratzea, lan prozesua talde lanean oinarritzea eta irudia eta soinua plastikaren mesedetan erabiltzea ziren gure proiektua oinarritzen zuten zutabeak", azaldu du Maite Lopez Karrikako kideak. Sortu eta gutxira, Jose Martin Urrutia 'Txotxe' elgoibartarra eta Elena Fernandez batu ziren proiektura. Urrutia 2018an hil zen, gaixotasun baten ondorioz, hain zuzen ere, Eneko Sagardoy Karrikako kideak Goya saria irabazi zuen sasoi berean. Urteotan, kideen joan-etorri handia izan du Karrikak, eta gaur egun zortzi lagun dabiltza taldean, baina azpimarratu du ehun lagunetik gora igaro direla bertatik. "Karrikaren ibilbide luze honek eta eskola bokazioak kide batzuek afiziotik ofizioa bilatzeko nahia piztea lortu dute", gehitu du Lopezek. Karrikak dozenaka lan sortu ditu urteotan. Lehenengoa 1998an bertan, Fartsa. Hamarkada bi eta erdi honetan zehar, estilo propioa garatu dute; 2007an, Durangoko bonbardaketaren 70. urteurrena zela baliatuta, San Agustin kulturguneak eta Karrikak euren elkarlana eta konpromisoa indartu, eta Martxoak 31 obra sortu zuten.