Durangoko abesti feministen lehiaketan parte hartzeko epea, zabalik

Anboto 2024ko urt. 17a, 11:00

Iazko ekitaldian ateratako familia argazkia.

Herritarrek lanik gogokoenaren aldeko botoa eman ahalko dute lehenengoz, modu telematikoan. Lanak otsailaren 15a baino lehen entregatu behar dira. Hautatutako hamabi taldeek kontzertua eskainiko dute martxoaren 16an, Plateruena Kultur Aterpean.

Durangoko Udaleko Berdintasun Sailak abesti feministen VI. lehiaketa ipini du martxan. Lehiaketara emakumeak eta haien eskubideak ardatz dituzten era guztietako musika konposizioak aurkeztu ahalko dira. Egitasmoak genero-estereotipoak saihestea, ahaldundutako emakumeak erakustea eta genero identitatea anitzak gorestea du helburu, besteak beste. Jesica Ruiz zinegotziak "funtsezkotzat" jo du gazteei zuzendutako abesti feminiseten lehiaketa hau antolatzen jarraitzea. 

Lanak aurkezteko epea otsailaren 15ean amaituko da eta, lehen aldiz, modu elektronikoan
egin beharko da inskripzioa. Horretarako, I. eranskineko eredua bete beharko da, Durangoko Udalaren egoitza elektronikoan, udalaren webgunean (www.durango.eus), dirulaguntzen atalean. Grabazioak Youtuberako loturaren URL bidez aurkeztuko dira.

Sari ugari

Udal iturriek jakinarazi dutenez, kategoria biko sariak egongo dira. 16 eta 30 urte bitarteko pertsonen kategorian, abesti bakarlari onena (600 euro) eta talde-lan onena (600 euro) sarituko dituzte. Bigarren kategorian, berriz, 30 urtetik gorakoei zuzendutakoan, abesti bakarlari onena (500 euro) eta taldean aurkeztutako onena (500 euro) sarituko dira. Bestalde, publikoaren saria, euskarazko abesti onenari saria eta aipamen berezia egongo dira.

Boto telematikoak

Herritarrek abestirik gogokoena aukeratu ahalko dute boto telematikoa emanda. Herri bozketa hori martxoaren 4tik 14ra egingo da partehartu.durango.eus plataformaren bitartez. Hautatutako 12 talde edo bakarlariek amaiera kontzertu batean joko dute martxoaren 16an,
19:00etan, Plateruena Kultura Aterpean. Sariak emanaldi horretan bertan banatuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!