Jose Mari Andres Durangoko EAJko zinegotzi ohia hil da

Ekaitz Herrera 2024ko urt. 17a, 09:47

Andres aro bitan izan zen Durangoko zinegotzi. 2003-2007 legealdian lehenik, Juan Jose Ziarrusta alkate zela, eta 2015-2019an gero, Aitziber Irigoras agintean zela.

Atsekabeak eta doluak Durangoko politikagintzari eragin diote gaur. Jose Mari Andres hil da, EAJko zinegotzia izandakoa. Halantxik jakinarazi dute goiz honetan, talde jeltzaleko ordezkari politikoek sare sozialetan. Andres aro bitan izan zen Durangoko udalbatzako zinegotzi. 2003-2007 legealdian lehenik, Juan Jose Ziarrusta alkate zela, eta 2015-2019 legealdian gero, Aitziber Irigoras agintean zela. Lehenengo legealdian, Andresek merkataritzari loturiko arloa kudeatu zuen. Bigarrenean, jaiak kudeatu ohi zituen Natxo Martinez zinegotziaren lekua hartu zuen.

Mireia Elkoroiribe egungo alkateak eta Jose Mari Andresek  2015-2019 legealdian bat egin zuten, hauteskunde zerrendetan. Alkateak esker oneko berbak agertu ditu hil berri den alderdikidearekiko: "Oso pertsona atsegina zen, adeitsua, lasaia. Denekin berba egiteko prest egoten zen beti. Asko gustatzen zitzaion lagunartean, familiako kideekin, Durangoz gozatzea eta Durango gozagarri egitea", adierazi du Elkoroiribek. 

Hileta elizkizuna Durangoko Andra Mariaren Basilikan egingo dute barikuan, 19:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!