Imanol Aiartzaguena abadiñarrak zilarrezko eta brontzezko domina bana irabazi ditu Euskadiko atletismo txapelketan

Anboto 2024ko urt. 15a, 11:38

Imanol Aiartzaguena ezkerrean, 400 metroetan lortutako brontzezko dominarekin.

Asteburuko emaitzei esker Espainiako txapelketan aritzeko txartela segurtatu du.

Asteburuan pista estaliko Euskadiko Atletismo Txapelketa lehiatu dute Donostiako belodromoan eta Durango Kirol Taldeko (DKT) Imanol Aiartzaguenak domina bi irabazi ditu: zilarra 400 metrotan, eta brontzea, 200 metrotan. 400 metroak dira abadiñarraren espezialitatea, baina distantzia motzagoetan ere bikain moldatu daitekeela erakutsi zuen atzo. Emaitza horiekin Espainiako txapelketan aritzeko txartela segurtatu du. Txapelketa hori otsailaren 23an izango da, Antequeran (Andaluzia).

Eskualdeko taldeetan dabiltzan beste hainbat atleta ere nabarmendu ziren Donostian. DKT-ri dagokionez, Alex Cuesta ermuarrak zilarra jantzi zuen luzera jauzian nahiz salto hirukoitzean, Jon Ander Etura barakaldoarrak 1.500 metroko proba irabazi zuen eta Sarai Larrinaga etxebarriarra hirugarren geratu zen 4 kiloko pisu jaurtiketan.

Bidezabal klubari dagokionez, Laia Cariñanosek erakustaldia eman zuen 1.500 metroetan (4.34.12) eta Oihane Irusta durangarra hirugarren izan zen (4.46.35). Azkenik, Adriana Abaituak bigarren amaitu zuen 60 metroko hesien proba.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!