Durangarrak kolon-ondesteko minbiziaren prebentzio-proba egitera animatu nahi dituzte

Aitor Ruiz 2024ko urt. 15a, 10:54

Durangoko Udalak eta Minbiziaren Aurkako Elkarteak egin dute deialdia. Kolon-ondesteko minbizia goiz detektatzeko kanpaina hasi berri da eta otsailaren 29ra arte iraungo du. Helburua 50 eta 69 urte bitarteko Durangarren parte-hartzea handitzea da, kolon-ondesteko detektatze goiztiarreko programan.

Durangoko Udala eta Minbiziaren Aurkako Elkartea elkarlanean ari dira 50 eta 69 urte bitarteko biztanleek kolon-ondesteko prebentzio-proba egin dezaten. Osakidetzak antolatutako ekimena Durangon egingo da urtarrilean eta otsailean, kolon-ondesteko minbizia saihesteko kanpainaren barruan.

Abiatu berri den kanpainak otsailaren 29ra arte iraungo du eta informazioa jasotzeko aukera egongo da Andragunean eta Otamotzenan, eguaztenetan 10:00etatik 14:00etara.

Jesica Ruiz alkateorde eta Herrigintzako zinegotziak esan duenez, "Minbiziaren Aurkako Elkartearekin, Osakidetzarekin eta Farmazialarien Elkargo Ofizialarekin elkarlanean" ari dira "ahalik eta pertsona gehienengana iristeko". "Durangoko Udalarentzat prebentzioa oso garrantzitsua da eta horrelako lankidetzen aldeko apustua egiten dugu", gaineratu du.

"Detekzio goiztiarra da gakoa"

Herritarrak proba egitera animatu nahi ditu Testa egin, kolon-ondesteetako minbizia prebenitzeko kanpainak, minbizia goiz detektatzeko TSOH proba eginez (Gorozkietan Ezkutatutako Odolaren Testa). Minbiziaren aurkako elkarteak herriko hainbat farmazia, elkarte zein dendekin kontaktatu du kanpaina biztanleei zabaltzeko eta probetan parte hartzea handitzeko.

Oihana Urrazak, Minbiziaren aurkako Bizkaiko Elkarteko lurralde-koordinazioko arduradunak, zehaztu du, "Osakidetzak lortutako azken datuen arabera, 2018an 50 eta 69 urte bitarteko biztanleen %74,82k egin zuen proba Durangon. Kasuen %4,36 positiboak izan ziren".

Bukatzeko, antolatzaileek esan dute edonork egin dezakeela proba, osasun txartela izan ala ez. Txartelik ez duenak, 900 84 00 70 doako telefonora deitu eta erregistratu egin beharko du proba egiteko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!