Grupo Baobak elkarteak hamar urte daramatza Senegalera eskolako materiala eta betaurrekoak bidaltzen. Aurten, Durangoko Udala ere batu da. Hain zuzen ere, betaurrekoak batzeko kaxa solidario bi ipini dituzte Herritarrentzako Arreta Zentroan eta Adinekoen Egoitzako kafetegian. Durangarrek urtarrilaren 31ra arteko epea izango dute behar ez dituzten betaurrekoak modu solidarioan dohaintzan emateko. Data hori agortuta, betaurrekoak Senegalera bidean ipiniko dituzte. Edozelan ere, udalak aurreratu du kaxak lehu horietan bietan utziko dituela, dohaintzak jasotzeko aukera urte osoan egon dadin.
Egitasmoaren atzean Mikel Porto eibartarra eta Grupo Baobab elkartea daude. Duela hamar urte, kanpainako lehenengo edizioan, 2.000 betaurreko bidali zituzten Afrikako herrialdera. Ordutik hona, urtero-urtero antolatu dute egitasmo solidarioa. Grupo Baobab elkartearen lan ildo nagusiak hiru dira: hezkuntza, osasuna eta tokiko nekazaritza eta abeltzaintza. N'Dioufene, Keur Ardo eta Ngaye Ngaye herrietan lan egiten dute. Egindako ekintzen artean eskoletarako beharrezko hezkuntza materiala jasotzea, beharrezko botikak erostea eta herrixketarako ur-putzuak eraikitzea daude.