"Panaman, askotariko kulturen arteko elkarbizitzak liluratu nau"

Aitziber Basauri 2024ko urt. 14a, 11:45

Unibertsitatean ikasketak amaituta, Rakel Unzalu Martijak (Durango, 1991) Panaman lan egiteko sei hilabeteko beka lortu zuen 2019an. Guztiz ezezaguna zitzaion herrialdea izanik, espektatibarik barik joan zen hara. "Denak harritu ninduen, onerako", nabarmendu du, eta dagoeneko bost urte daramatza han. Urte berria Durangon hasi ondoren, Panamara bueltatu berri da.

Sei hilabeterako joan zinen eta bost urte daramatzazu Panaman. Euskal Herrikoagaz alderatuta, oso bizimodu desberdina da hangoa?
Bai, klimatik hasita. Hezetasuna jasanezina da, baina eguzkia egunero ikusten dugu eta hori garrantzitsua da niretzat. Urte osoan joan zaitezke hondartzara, eta aparta da hori, denbora luzez euria egin arren. Euriaren kontua ezaguna egiten zait. Hemen ez dago poteorik, baina parkeatzeko ohitura dago; denbora luzez leku batean trago batzuk hartzeko eta berriketaldiak egiteko batzen dira. Egia esan, egokitzea ez da erraza izan, oso kultura desberdina dute, denboraren pertzepzioa desberdina da… Baina oso ondo hartu ninduten eta horregaitik jarraitzen dut hemen.

Zerk harritu zaitu gehien? Zer gustatu zaizu gehien?
Joan-etorri handiko herrialdea izatera, mundu osoko kulturen topagune bihurtu da, eta bertako kultura nagusiekin batera elkar bizi den askotariko kulturartekotasun horrek liluratu ninduen, batez ere hain txikia den herrialde batean. 

Bizikleta enpresa batean lan egiten duzu. Zein da zure lana edo ardura? 
Bizikleta dendetako espazioak diseinatzeko kontratatu ninduten. Baina denborak aurrera egin ahala ardura gehiago hartu dut, eta orain produktu eta ikusmen saila koordinatzeaz arduratzen naiz, eta arkitektura proiektu batzuk ere baditut. 

Bizikleta hartu eta nora joango zinateke?  
Mexikora, Erdialdeko Amerika osoan zehar doan autobide interamerikarretik. Lagun batzuekin halako zeozer egiteko plana dut, eta, batek daki, egunen batean egingo dut beharbada.  

Zeren falta igartzen duzu? 
Horrelako herrialdeetan gertatzen den moduan, janariarena, familiarena eta lagunena. Baita ibiltzeko atseginagoa den hiri baten falta ere. Batzuetan gustura jantziko nuke jaka bat, baina hemen ez du zentzurik, bero handiegia egiten du eta. Poteoaren falta ere igartzen dut.  

Panamara joan aurretik, beste egonaldi luze batzuk ere egin dituzu Durangotik kanpora.
Dublinen (Irlanda) bederatzi hilabete egin nituen au pair lanetan, 19 urte nituela, eta Madrilen (Espainia) bost urte egin nituen Panamara etorri aurretik. Gertu dagoen zenbait herrialdetan ere ibili naiz, batzuetan lanagaitik, eta beste batzuetan turista legez: Costa Rica, Guatemala, Dominikar Errepublika, Kolonbia, Venezuela, Peru, AEB… 

Gabonak Durangon pasatu dituzu. Tarteka etortzen zara Durangaldera? 
Bai, jakina. Urtero-urtero birritan, baina laster ama izango naiz eta baliteke egoera aldatzea. Zalantzarik barik, egunen batean bueltatu gura nuke, baina oraindino ez da ordua. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!