“Fikziozko herri batean kokatuta, errazagoa da denon herrietan kokatzea; Bizkarsoro edozein euskal herri txiki izan daiteke”

Aritz Maldonado 2024ko urt. 12a, 13:30

Josu Martinez zinemagileak (Bilbo, 1986) XX. mendean euskarak eta euskaldunek jasandako errepresioa hizpide duen ‘Bizkarsoro’ filma dakar. Asmaturiko herri batean kokatu du istorioa, eta, fikziozko herri batean kokatuta egon arren, benetako istorioak ditu oinarri. Zinemaldian estreinatu eta gero, herririk herriko bideari ekingo dio gaur; besteak beste, Durangoko Zugaza zineman emango dute, gaur (18:30ean) eta domekan (19:30ean).

Gogotsu zaudete gaurko estreinaldirako?
Gogotsu gaude jendeak ikusi dezan, pelikula herritarren esku uzteko, eta gaiari buruz berba egiten hasi dadin.

Herrietako euskalgintzako kideen babesagaz egingo dituzue aurkezpenak. Filma bera modu herritar batean egin duzuela diozue. Hori islatu gura izan duzue aurkezpenetan?
Film hau euskarazko jendearen film bat da, eta egiteko modua ere horrelakoa izan da. Euskarazko film gutxi egin da, eta geroago eta gutxiago egiten da. Kameren aurrean euskara gutxi entzuten da, baina atzean oraindino gutxiago. Horregaitik, ondo aukeratu gura izan dugu lantaldea, dena euskaraz egin ahal izateko, baina ez hori bakarrik; hegoaldeko eta iparraldeko teknikariak elkarregaz ipini ditugu. Bestalde, eta euskaldun jendearen zapalkuntza kontatzen duen filma denez, gure aliatuak diren euskalgintzako kideek aurkezpenetan egon behar dutela iruditzen zaigu, euren filma ere badelako.

Nondik dator filma sortzeko ideia?
Orain bost urte hasi ginen, urtean istorio txiki bat grabatuz. Bernardo Bertolucci zine zuzendari italiarrak Novecento pelikulan egin zuen moduan egin dugu; hau da, XX. mende osoan zehar Italiako herri txiki batean izan zen langile mugimenduaren eta burgesiaren arteko borrokaren garapena kontatzen du Bertoluccik, eta iruditu zitzaidan polita izango zela euskarak eta euskaldun jendeak izandako garapena kontatzea. Azken finean, oso gauza arraroa da hainbat herrik 80 urtean izan duten bilakaera: ia euskaldun elebakar izatetik, herrian euskaldunak gutxiengoa izatera pasatu dira. Eta hori zelan eta zergaitik gertatu da? Ematen du ezinbestean gertatu behar zen zerbait dela, mundua aldatzen dabilelako, ia fenomeno meteorologiko bat balitz legez. Mende hasieran Unamunok esan zuen moduan, euskara egundoko altxorra da, baina hobe dugu abandonatzea. Nik, irudien bitartez, hori ez dela horrela demostratu gura izan dut. Erabaki administratibo eta politiko batzuen ondorioa da. Koldo Izagirrek idatzi zuen moduan, euskara noizbait hiltzen bada, gorpuak artseniko arrastoak izango ditu. 

Bost istoriok osatzen dute pelikula.
Herri berean gertatu diren bost istorio dira, hainbat belaunaldi batzen dutenak. Istorioek lotzen dituzten hariak dituzte, izan familia, pertsonaiak, egoerak... Aldatzen doaz, baina unibertso bat osatzen dute. Errepikatzen diren leku, pertsonaia eta istorioak daude, eta horrek batasun bat ematen dio filmari.

Fikzioa lantzen duzun lehenengo aldia da. Gustura aritu zara?
Gustura, bai. Orain artean dokumentaletan aritu naiz, baina honek ere dokumentaletik asko duela esango nuke. Alde batetik, gauza gutxi dira asmaturikoak. Egiazko istorioak dira oinarrian daudenak, ahozko edo idatzizko lekukotzetatik jaso ditudanak, gero zelan edo halan fikziozko istorio horietan kontatu ditudanak. Bestetik, herritarrek eurek kontatzen dute euren istorioa, eurek interpretatzen dute euren mundua, edo euren gurasoena edo aitita-amamena, eta horrek ere hurbildu egiten du istorioa errealitatera. Egiteko moduak asko du dokumentaletik. Bestalde, fikzioa kontatu gura nuen, beste indar bat duelako jendearengana heltzeko, eta euskararen zapalkuntzaren istorioa ahalik eta jenderik gehienarengana heltzea gura nuen. Horrek errealitateari estuki ez lotzeko aukera eskaintzen du, izan ere, Baigorrin grabatuta dagoen arren, ez nuen Baigorriko istorio bat kontatu gura. Existitzen ez den herri batean kokatuta, denona izan daitekeen herrian kokatu daiteke. Harkaitz Canok dioen moduan, fikzioak, errealitateak ez bezala, koherentzia mantentzea eskatzen dizu. Errelato koherente bat eraikitzen ahalegindu naiz, askeago ibiltzeko. Bizkarsoro edozein euskal herri izan daiteke. Horrela, Durangaldeko herritarrek ere euren burua islatuta ikusiko dute protagonisten edo egoeren bitartez.  

200 herritarrek baino gehiagok parte hartu dute grabazioan. Ez zen erraza izango hori koordinatzea.
Batez ere, egiteko modua izan da desberdina. Urtean istorio bat grabatu dugu, eta, alde horretatik, igartzen da auzolana. Film luze bat egiteko behar den aurrekontuaren hamarrena erabili dugu gutxi gorabehera, eta denbora aldetik ere berdin, sei astean egiten dena guk bitan egin dugu, bost urtetan banatuta. Lan egiteko modu hau oso gozoa egin zait, izan ere, herria denerako egon da prest. Herritarrei eskerrak, berez milaka euro balioko zuen lana atera dugu aurrera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!