“Komunitateak arlo profesionalean eman dizuna bueltatzea dagokizu, era batera edo bestera”

Anboto 2024ko urt. 13a, 10:20

Constan Dacostak (Ourense, 1946) zortzi urteko boluntario lana egin du Durangon etorri berriei hizkuntza eta kultur azterketak prestatzen laguntzen Espainiako hiritartasuna eskuratu ahal izateko. "Galizian sorturiko eibartar" legez aurkezten du bere burua, eta, beharbada, iragan industrial sakoneko langile-herri horretan hazi izanak konfiguratu dio gizarteagaz duen konpromiso soziala. 

Zortzi urteko boluntario lana egin duzu. Badira urte batzuk.
Bai. Durangoko lan honetaz gainera, Gurutze Gorriarentzat ere antzera bateko lana egin dut urte bian. Jubilatu nintzenetik Unicef erakundeagaz ere esku hartu dut.

Zerk motibatuta ekin zenion etorri berriei Espainiako hiritartasuna lortzeko azterketekin laguntzeari?
Ez dago aparteko arrazoirik edo hausnarketa espezifikorik. Bizitzan zehar izandako ibilbidearen segida dela esango nuke. Soziologia ikasi nuen,  kooperatiba batean hasi nintzen lanean, eta handik kooperatiba handiago eta boteretsuago batera egin nuen salto. Nik bizi izandako esperientzia profesionalak lotura estua du bizitzeko modu bategaz, eta boluntariotza lan honek ere eredu horretatik edaten duela esango nuke. Azken finean, egindako lanari eskerrak eta komunitateari eskaini diozun zerbitzuari eskerrak, zuk zeure ondarea, zeure kapitala daukazu. Horrenbestez, zure ibilbide profesionalean komunitate horretatik hartu duzuna, zuri zer ikasia eman dizun hori, modu batera edo bestera komunitateari bueltatzea dagokizu. Gizarteak zuri eman dizuna berriro ere gizarteari bueltatzeko era bat da. 

Zein izan da zure betebehar zehatza zortzi urte hauetan?
Espainiako hiritartasuna lortu gura duten herritarrei gaztelania eta kultura azterketa prestatzen laguntzea, Durangoko Udalaren Immigrazio Sailak zeregin horretarako antolatzen dituen taldeen barruan. Hiritartasuna lortu gura duten etorri berriek proba nagusi bi egin behar dituzte. Batetik, gaztelania ondo dakitela adierazteko azterketa. Oinarrizko maila baino zerbait gehiago eskatzen da. A2 maila, gutxienez. Klaseetan ariketa ugari egin dugu irakurmena lantzeko, entzumena lantzeko, berba egiteko eta gutun formalak idazteko. Beste proba ezagutza soziokulturalari eta Espainiako Konstituzioaren ezagutzei buruzkoa da. Edozelan ere, bakoitzak bere beharrizanak ditu. Gaztelania ama hizkuntza duten etorri berriek, adibidez, ez dute hizkuntza proba zertan egin. 

Zelan antolatu dituzue klaseak?
Astean hiru egunez izan ditugu klaseak. Hiru orduko klaseak eguneko. Durangoko Immigrazio Sailak antolaturiko zerbitzu honetan 12-17 lagun daude izena emana. Baina klaseetan 6-9 batu izan gara. Eta horrek badu azalpena. Hona datozen gehienak emakumeak dira, gazteak, ume txikiak dituztenak. Eta askotan, umea gaixotzen denean edo halakoetan, zaintza lanez arduratu behar izaten dute. Bestalde, askok erreleboka lan egiten dute eta ezin izaten dira klase batzuetara etorri. Baina aste batean ezin badute ere, hurrengoan bai, etortzen dira. 

Zeintzuk dira etorri berrien beharrizan nagusiak?
Hemendik igarotzen direnen interes nagusia integrazioa da. Baina dituzten baldintzak ez dira onenak horretarako. Taldeka bizi dira. Periferiako auzoetan asko, erdigunean gutxi, eta, horrenbestez, gutxiago nahasten dira bertako herritarrekin. Zailtasunak dituzte hizkuntzagaz, eta euren azalaren kolorea ez zaie gustagarria inguruan dituzten bizilagun guztiei. Bizitzaren aurrean, sakrifizioari loturiko jarrera dute. Oso txarto pasatu dute. Sorterria atzean uzteak eta hona heldu arteko bidaia esperientzia oso gogorra izan da askorentzat. Integrazioari dagokionez, exijenteagoak gara haiekin hemengoekin baino. Badirudi integratzeko nahikoa ez den plus bat eskatzen diegula beti. Helburu berdinak lortzeko, haiek guk baino zailtasun gehiago dute. 

Beharrizana duenari laguntzen orduak eta egunak emateak zelan eragiten dio boluntarioari? Elkarrenganako hartu-eman dependiente bat sortu daiteke?
Esango nuke hori boluntarioaren araberakoa dela, izaeraren araberakoa. Iruditzen zait boluntariorik gehienek ez dutela beharrezkoa baino lotura handiagoa egingo, hor hartu-emana zaildu dezakeen zerbait antzematen badute. Normalean gehiago inplikatzen zara interesa agertzen duenagaz. Istorioak partekatzen dituzu, bizipenak. Eta iruditzen zait boluntarioak begirada poliedrikoago bat irabazten duela horri eskerrak. Desberdintzat jotzen zenuen hori berdin-berdin ikusten duzu azkenean. Begirada koloniala kentzen duzu, zelanbait. 

Begirada kolonialista dugu?
Modu sutil batean bada ere, arrazistak gara. Hori pentsatzen dut. Egitate baten aurrean, egilea bertakoa bada, ez duzu gorpuzkeraren, loditasunaren edo altueraren arabera epaitzen. Egilea beltza edo mairua bada, ostera, azpimarra egiten diogu horri. Kolorea ikusten dugu. Horrek konfirmatzen du bati eta besteari desberdin begiratzen diegula.

Zerk bultzatu zaitu zerbitzu honi amaiera ematea?
Orain arte era boluntarioan garaturiko zerbitzu hau udalak hartuko du bere gain aurrerantzean. Horretarako, udalak diru atal bat ipini du. Horrek bermatu egingo du zerbitzuaren jarraikortasuna. 

Zer eman dizu boluntariotza lan honek?
Poza. Azterketak gainditu eta gero, asko etorri dira eskerrak ematera. Baten bati lagundu diozula sentitzeak egundoko poza dakar. Tarteka, kalean, euretariko batzuekin topo egiten dut. Badut haien berri. Pena emango lidake hori galtzeak.

Zer esango zenieke lan boluntarioan, arlo honetakoan zein beste arlo batekoan, jarduteko dudan daudenei?
Instituzioen edo alderdi politikoen konpromisoaz gainera, kausak behar dira. Laguntasuna behar duten kausak. Eta, horretarako, bitartekoak ipini behar dira. Laguntasuna ematen duenak ikusi behar du bere lanak eragin bat duela, funtzio bat duela. Lagundu gura duenak bere ingurura begiratu behar du, laguntasuna behar duten kausak identifikatzeko. Kontzientzia hartze bat lehenengo, eta bitartekoak sortzea zein eskatzea gero. Hortik aurrera, boluntarioa bera izango da lehenengo onuraduna.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!