Saharako errefuxiatuei laguntzeko Durangaldean egiten den egitasmo solidariorik handienetako bat bueltan da. Rio de Oro elkarteak martxan ipini du Karabana Solidarioaren kanpaina berria. Herritarrek bide bi izango dituzte dohaintzak egiteko. Batetik, eskualdeko ikastetxeetan eta supermerkatuetan ipiniko diren txokoetan elikagaiak utzita. Edo, bestela, Bizum sistema bidez edo banku transferentzia bidez ekarpen ekonomikoak eginda. Azken hau dela eta, Rio de Orok argitu du elikagaiak erostera bideratuko dituztela jasoriko funts guztiak. Elikagaiak Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetara bidaliko dituzte kanpaina amaitutakoan.
Elkarteak 24 tona laguntza humanitario bidali gura ditu Durangaldetik. "Inflazioak eta Marokoren aurkako gerrak ezinezko bihurtu du familia askorentzat behar bezala elikatzeko gaiak eskuratzea. Saharako gobernuarekin adostuta honako produktu hauek bidaltzea lehenetsi dute: arroza, pasta, azukrea, atun-latak, lekaleak, oliba olioa, sardina-latak eta konpresak", azaldu dute Rio de Oro elkarteko kideek. Elkarteak azpimarratu du "Marokorekin gerra piztu zenetik larriagotu" egin dela lehendik ere larria zen egoera. Gogoratu dute Saharako herritarrek 45 urte baino gehiago daramatzatela errefuxiatuta.
Ekarpen ekonomikoetarako bideak
Ekarpen ekonomikoetarako bideak honako hauek dira: Bizum erabili gura duenak, aplikazioan sartu, Eman botoia sakatu eta Rio de Oro Durangaldea bilatu beharko du. Kodea honako hau da: 01955. Bestalde, transferentzia egitea gurago duenak, Laboral Kutxaren kontu korronte honetan egin ditzake ekarpenak: ES9030350129111290034483