Durangoko Zugazan estreinatuko dute 'Bizkarsoro', euskalgintzak elkarlanean antolatutako emanaldian

Aritz Maldonado 2024ko urt. 9a, 12:08

Josu Martinezek zuzendutako fikziozko luzemetraia da Bizkarsoro. 1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istorio kontatzen ditu pelikulak, fikziozko herri batean, fikziozko pertsonaiekin, bost hamarkadetako kontakizuna da. "Bost argazkitan, mende osoan zehar euskara nola amildu zen erakusten du pelikulak. 70 urtean euskaldunak gutxiengo izatera igaro dira ordura arte ia elebakarrak izan lekuetan. Filma joan den mendean kokatuta egonik ere, bertan kontatzen direnek ez dute gaurkotasunik galdu", azaldu du Martinez zuzendariak prentsaurrekoan. Durangoko euskalgintzaren ordezkaritza batek parte hartu du prentsaurrekoan, elkarlanean prestatutako emanaldiak aurkezteko. Durangoko emanaldiak barikuan eta domekan izango dira, 18:30ean eta 19:30ean, hurrenez hurren; proiekzioaren ostean solasaldi bat egongo da. 

Donostiako Zinemaldian estreinatu ostean, Bizkarsoro Euskal Herriko zazpi herrialdeetako aretoetan batera eskainiko da asteburu honetan; Durangoko Bizkaiko aurkezpena izango dela azaldu du Gotzon Barandiaran emanaldien koordinatzaileak. "2023a euskararen aurkako oldarraldi urtea izan da, eta 2024ean ere ez du etenik. Egoera diglosiko batean, diskriminatzaileak gu garela entzun behar dugu. Eta testuinguru honetan dator Bizkarsoro". "Bizkarsoro herri euskalduna da, 70 urtean aldaketa izugarria duena; euskaldunak gutxiengo izatera igarotzen dira, ia herri euskaldun elebakarra izan ostean. Eta hori, nola gertatu da? progresoa hori dela barneratu dugu", gehitu du Martinezek. Filma egiteko modua nabarmedu dute prentsaurrekoan, baita ere. Izan ere, auzolanean egindako pelikula bezala definitu dute. Besteak bestek, Bea Kurutxarri, Hibai Castro, Izaskun Urquijo, Ximun Fuchs edota Mila Arrangoitsek parte hartu dute, eta Baigorri ibarreko 200 herritar baino gehiagok egin dute lan bertan. "Pelikula bat normalean 5-6 astean grabatzen da, eta guk 10 egunean egin dugu; urtean 2-3 egun egon gara grabaketak egiten bost urtez, eta pelikulek duten aurrekontuaren %3 izan dugu. Nola da posible? Herri zinema eginez". 

Fikziozko lehena

Josu Martinez izen ezaguna da azken urteetako zinemagintzan, batez ere, dokumentalgile bezala. Bederatzi dokumental sortu ditu, eta horietako zortzi Donostiako Zinemaldian estreinatu dira. Bizkarsoro fikziozko lehen film luzea du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!